Gizartea -
KORONABIRUSA
PCR probak Aretxabaletan, Berriatuan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Ondarroan
13 eta 40 urte bitarteko herritarrei daude zuzenduta, aipatutako herri guztietan. Azaroaren 26an eta 27an egingo dituzten baheketak.
EITB.EUS
Azken egunotan COVID-19 kasuek gora egin dutela eta, PCR probak egingo dituzte ostegunean eta ostiralean Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan. Osakidetzak 13 eta 40 urte bitarteko herritarrei egin die dei. Aretxabaletan eta Eskoriatzan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago zenbatu dituzte azken 14 egunetan, 972 eta 1.623, hurrenez hurren.
PCR probak Aretxabaletako osasun-etxearen alboan dagoen Basotxo eraikinean egingo dituzte, ostegunean eta ostiralean, 15:30etik 20:00etara.
Proba egin ahal izateko, beharrezkoa da aurrez hitzordua eskatzea Aretxabaletako osasun-etxean (943 71 19 59), Eskoriatzako osasun-etxean (943 71 44 52) edota Osasun Kontseiluan (900 20 30 50).
Hezkuntza-zentroetako ikasleek ez dute hitzordua eskatu beharko, ikastetxeetako zuzendariak arduratuko direlako hori antolatzeaz.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute etxean bakartu eta dagokien osasun-zentrora deitu behar dutela COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea) dituzten herritarrek.
Baheketak Berriatuan eta Ondarroan
Bestalde, Osakidetzak iragarri du Berriatuako eta Ondarroako 13 eta 40 urte bitarteko herritarrei ere PCR probak egingo dizkiela.
Osasun Sailak gaur arratsaldean zehaztu duenez, ostegunean hasiko dituzte baheketak bi herri horietan, eta, aurreikusitakoaren arabera, ostiralean bukatuko dituzte. Txomin Agirre Ikastolako jolastokian (Ibaiondo 4) egingo dituzte probak, 09:00etatik 20:00etara.
Aurretik, baina, bertara joateko asmoa dutenek telefono bidez hartu beharko dute txanda, osasun-zentrora edo -batzordera deituta.
13 eta 18 urteko ikasleek, aldiz, ez dute aurretik hitzordurik lotu behar, eskola bera arduratuko baita horretaz.
Ondarroan 100.000 biztanleko 547 COVID-19 kasu zenbatu dituzte asteazken honetan; Berriatuan, berriz, 479.