Gizartea -
ISTILUAK
Bilboko Udaltzaingoak laguntza eskatu du, istiluak eragin zituztenak identifikatzeko
Norbaitek bideoren bat grabatu edo argazkiren bat atera balu, beraiekin harremanetan jartzeko eskaria egin dute udaltzainek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udaltzaingoak herritarren laguntza eskatu du asteburuan Bizkaiko hiriburuan izandako istiluen egileak identifikatzeko. Are gehiago, istiluen inguruko bideoak, argazkiak edota informazioa duten pertsonei beraiekin harremanetan jartzeko eskaria egin diete udaltzainek. Horretarako, Twitterren edota Facebooken mezu pribatua idazteko galdegin dute.
Lau pertsona atxilotu zituzten larunbatean Bilbo erdigunean, COVID-19aren testuinguruan, neurri murriztaileen aurka deituriko protestetan izandako istiluetan. Errepidean edukiontziak gurutzatu eta hainbat zaborrontzi erre zituzten. Atxilotu guztiak aske gelditu dira, karguekin.
Sare sozialen bitartez egin zuten deialdia larunbat iluntzerako (21:30), Indautxu plazan. Pertsona talde txikiak elkartu ziren, baina Ertzaintzak identifikatu ostean, hasiera batean mobilizazioa desegin egin zen.
Hala ere, gerora, etxeratze aginduaren eta neurri murriztaileen aurka deituriko protestak Indautxun barrena zabaldu ziren, eta edukiontziak galtzadan gurutzatu eta zaborrontziei su eman zieten.