Gizartea -
Koronabirusa
Pandemia "egonkortu" egin dela uste du Jaurlaritzak
Ospitaleratzeak "egunez egun" jaisten ari direla azaldu du Gasteizko Gobernuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren pandemia "egonkortu" egin da Euskadin, ospitaleratzeak eta 3-16 urteko umeen arteko positiboak "egunez egun" jaisten ari baitira, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Ignacio Garitano Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzailearen esanetan, egun 4.602 kasu aktibo daude EAEn, eta 9.889 pertsona daude bakartuta.
Garitanoren hitzetan, kasu positiboen portzentajea "egonkor" dago (% 5 ingurukoa izan da azken bi asteetan), eta ikastetxeetan ere behera egin dute kasuek. Une honetan, 3-16 urteko umeen artean, 134 kasu daude 100.000 biztanleko. Hain zuzen ere, 389 kasu aktibo daude orain urte tarte horretan, eta horietako 140k "ondorioak" izan dituzte eskoletan. Horren ildotik, 1.397 ikasle daude bakartuta, hots, "10 ikasle kasu positibo bakoitzeko".
19 urte arteko ikasleei dagokienez, 2.724k eman dute positibo PCR proban, hots, ikasle guztien % 0,7.
Koronabirusaren aurkako borrokaren arduradunaren arabera, "zentro gutxi batzuetan" izan da "kasu bat baino gehiago gela berean", baina "zaila" da jakitea klase barruan kutsatu den edo ikasle taldeek eskolatik kanpo harremana dutelako.
"3-16 urteen artean kasuak behera egiten ari dira, eta, horregatik, ondoriozta daiteke eskolen hasierak ez duela eraginik izan pandemiaren garapenean", berretsi du.
Bestalde, Garitanok azaldu du gaurtik aurrera aldatu egingo dela zainketa berezien geletan daudenak zenbatzeko modua; izan ere, aurrerantzean zenbatu egingo dituzte koronabirusagatik ingresatuta dauden baina PCR proban negatibo eman dutenak ere.
Horrela, "zehatzago" ezagutu ahalko dute koronabirusaren eragina ospitaleetan.
Bukatzeko, Garitanok esan du Radar Covid aplikazioa "duela bizpahiru egun" hasi zela "guztiz" funtzionatzen Euskadin.