Gizartea -

Koronabirusa

Kutsatze komunitarioa dagoela baieztatu eta mugikortasuna murriztu dute Bartzelonan

Kataluniako hiriburuko metropoli-eremuan etxetik ez irtetea gomendatu du Generalitateak, eta hamar pertsona baino gehiago biltzea debekatu du.

Bartzelonako Guell parkea, neurri berriak indarrean sartu diren egunean. Argazkia: EFE
Bartzelonako Guell parkea, neurri berriak indarrean sartu diren egunean.
Bartzelonako Guell parkea, neurri berriak indarrean sartu diren egunean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat goizetik indarrean daude Bartzelonako metropoli-eremuan koronabirus kutsatzeak ekiditeko neurri murriztaileak. Kataluniako biztanleen heren bati eragiten diete. Osasun ministro Salvador Illaren arabera, kutsatze komunitarioa dago hiriburuan, baina ez da bigarren olatu bat.

Azken 24 orduetan 1.226 positibo berri zenbatu dituzte Katlaunian. Horietako 133 Segria eskualdean daude, 349 Bartzelona hirian, eta 894 (kutsatze guztien % 73) metropoli-eremu osoan.

Berragertzeek eta foku berriek gora egiten jarraitzen dute, batez ere Aragoi eta Katalunian, eta gobernu autonomikoek gaixotasuna gelditzeko neurriak onartzen ari dira.

Bartzelonan eta inguruko udalerrietan beharrezkoa ez bada etxetik ez irtetea gomendatzen dute, hamar pertsona baino gehiagoko bilkurak debekatu dituzte, taberna eta jatetxeetako edukiera % 50era murriztu dute, zinemak, antzokiak, gaueko lokalak eta gimnasioak itxi dituzte eta adinekoen egoitzetako bisitak murriztu dira.

Salvador Illa Osasun ministroaren arabera, kutsatze komunitarioa dago metropoli-eremuan, baina egoera ez du bigarren olatutzat hartu.

"Bartzelonan kutsatze komunitarioa dago, horrela da, esan behar dugu", esan du ministroak. Esan duenez, momentuz ez dago mahai gainean "alarma egoera" ezartzea.

Bartzelonako alkate Ada Colauk deitoratu du Geleralitateak neurri berriak udalekin ez adostea. Atzoko iragarpena zenbait pertsonak Bartzelonatik beren ibilgailuetan ihes egitea bultzatu duela uste du.

Quim Torra Generalitateko presidenteak onartu duenez, “guztiz beharrezkoa da udalekin bat etortzea COVID-19ri aurre egiteko”, eta alkateei eskatu die “leialtasuna eta erantzukizuna, guztien konplizitatea behar dugu eta".

Murrizketak ezartzeko araudia

Alarma egoerarik gabe, Generalitateak, baita Galiziako Xuntak ere, osasun publikoko legeak baliatu dituzte oinarrizko eskubideak murrizteko, berragerpenak kontrolatzeko helburuarekin. Baina marko legal hori kritikatu du, epaileen berrespena eskatzen duelako.

Generalitateak Segria eskualdean neurriak abiatu zituenean hasi zen autonomia erkidegoen aukerei buruzko eztabaida. Epaile batek “neurriz kanpokoak” hartu zituen, horiek justifikatzeko informazio epidemiologikoaren falta kritikatu zuen eta horretarako baliabidea alarma egoera izan beharko litzatekeela esan zuen.

Generalitateak, ondoren, lege dekretu berri bat onartu zuen, eta neurriak berriz proposatuta, epaileen babesa lortu zuen Lleidan neurriak ezartzeko.

Beste epaile batek antzeko murrizketak onartu zituen L’Hospitalet de Llobregaterako (Bartzelona), baina hamar pertsonatik gorako bilkurak debekatzea “neurrigabetzat” hartu zuen.

Kataluniako Gobernuaren arabera, auzitegietako irizpide desberdintasunak “segurtasun juridiko eza” eragiten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Deseskalatzea