Gizartea -
Koronabirusa
200 zientzialarik baino gehiagok COVID-19aren aire-bidezko kutsatzeaz ohartarazi dute
Lidia Morawska irakaslea buru duen ikertzaile taldearen arabera, gune itxietan bi metroko distantzia laburregia izan daiteke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur, 200 zientzialariz osatutako talde batek argitaratu duen ohar baten arabera, COVID-19aren kutsadurak ekiditeko segurtasun-tarte estandarra "gutxiegi" izan daiteke. Hori dela eta, Munduko Osasun Erakundeari (MOE) eskatu diote birusaren transmisioaren inguruko ikerketak serioago hartzeko.
Clinical Infectious Diseases aldizkarian argitaratutako mezuan, herrialde gehienetan ezarritako bi metroko segurtasun-tartetik haratago, COVID-19aren transmisioaren arriskua onartzeko eskatu diete nazioarteko erakundeei eta medikuen komunitateari.
"Medikuen komunitateari eta nazioarteko zein nazio mailako erakundeei eskatzen diegu COVID-19aren aire-bidezko hedaduraren indarra onartzeko", esan dute adituek. Testuak, gainera, Munduko Osasun Erakundea kritikatzen du, aire-bidezko transmisioa ez aitortzeagatik.
"Testua izenpetzen duten zientzialarien eta beste zientzialari batzuen ikerketek erakusten dutenez, arnasa botatzean, hitz egitean edo eztul egitean aireratzen dira birusak, eta mikro-tanta horiek airean 1 edo 2 metroko distantzia baino gehiago egin dezakete", 239 sinatzaileen iritzian.
Lidia Morawska irakaslea, Nazioarteko Aire Kalitatearen eta Osasunaren Laborategiko zuzendaria, buru duen ohartarazpen kolektiboaren arabera, "ohiko abiaduran, bost mikroiko (mikroia metroaren milioiena da) tanta batek hamarka metro bidaiatu ditzake"; hortaz, tamaina ertain bat duen logela baten azalera osoa har dezake.
"Arazoa bereziki larria da barne guneetan eta gune itxietan, batez ere jende asko biltzen denetan eta jende kopuruaren arabera aireztatzeko sistema ezegokia denean edota esposizioa asko luzatzen denean", azaldu dute adituek.
Horien arabera, gune itxietan arnasbideetako infekzioek duten transmititzeko arriskua aztertzeko hainbat diziplinatako (zientzia eta ingeniaritza) adituak behar dira.