Gizartea -

Epaiketa

Ellacuriaren hilketagatik auzipetuaren aurkako epaiketa, eitb.eus-en zuzenean

Inocente Montano Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira, uztailaren 16ra arte, duela 30 urte El Salvadorren bost jesuitaren hilketa "erabakitzea, diseinatzea eta exekutatzea" leporatuta.

Inocente Orlando Montano salvadortar koronel ohia. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Inocente Orlando Montano salvadortar koronel ohia
Jesuiten hilketan ez zuela zer ikusirik izan esan du Inocente Montano koronelak

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inocente Montano El Salvadorko koronel eta Defentsa ministrorde ohia Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira, uztailaren 16ra arte, duela 30 urte El Salvadorren bost jesuitaren hilketa "erabakitzea, diseinatzea eta exekutatzea" leporatuta, tartean Ignacio Ellacuria euskal herritarrarena. Epaiketa Madrilen egiten ari dira, hamar saiotan, eta horiek guztiak zuzenean jarrai daitezke eitb.eus-en.

Montano da Espainiako Justiziak epaitzen duen El Salvadorko lehen militar ohia, eta Fiskaltzak 150 urteko kartzela-zigorra eskatu du berarentzat bost hilketa terrorista egotzita.

Fiskaltzaren arabera, biek parte hartu zuten, 1989ko azaroaren 16an, bost jesuiten hilketen "erabakian, diseinuan eta exekuzioan". Testuinguru horretan, Ignacio Ellacuria Ertamerikako Unibertsitatearen errektorea zen, eta Liberazioaren Teologiaren ideologoetako bat.

Espainiako Justiziak 20 bat militar ohi auzipetu zituen, baina El Salvadorko agintariek ez zieten estradizio aginduei jaramonik egin.

Montano bi urtez egon zen preso AEBn, 2017ko azaroaren 29an Espainiaren esku utzi aurretik.

El Salvadorko koronel ohiak adierazi duenez, berak ez zuen duela 30 urte bost jesuitak hiltzeko agindurik eman, ez zuen "arazo pertsonalik" euskal erlijiosoaren aurka eta "ez zen sekula mina egiteko asmorik egon", ez Ignacio Ellacuriari, ez Elizari, ezta UCA Ertamerikar Unibertsitateari ere.

Halaber, erantsi du ez zela jesuitak hiltzea ustez agindu zuten bileran egon eta ez zituela krimenok estali, Alfredo Cristiani presidenteari ikerketa "nazioarteko laguntzarekin" egin zedila aholkatu baitzion.

Ellacuriaren aurka zerbait ote zuen galdetuta, Montanok erantzun du ez zuela "inola ere" ezer haren kontra, eta presidentearen "gertuenetakoa" zela. "Eragiteko ahalmena" zuenez, aholkulari jarduten zuen FMLNrekiko bake-akordioetan. "Ez zuen presidentea bakarrik aholkatzen, FMLNko agintariak ere bai. Terroristekin bildu zen", erantsi du.

Bere arrazoibidea indartzeko, koronel ohiak gogora ekarri du hilketak argitzeko sortu zuten egiaren batzordeak ez zuela inoiz deklaratzera deitu, "delitua soldaduek egin baitzuten, ez poliziek", eta berak azken horien ardura zuela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Justizia Unibertsala Epaiketak Gizartea Latinoamerika Eskubide unibertsalak Krimenak azken ordukoa Ellacuria, epaiketa