Gizartea -
Auzitegi Nazionala
Hasi da Ellacuria jesuitaren ustezko hiltzaileen aurkako epaiketa
eitb.eus-en, zuzenean izango da ikusgai Espainiako Justiziak epaituko duen El Salvadorreko militar ohiaren kontrako lehen epaiketa.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak uztailaren 16ra arte epaituko du Inocente Montano El Salvadorreko koronel eta Defentsa ministrorde ohia, duela 30 urte El Salvadorren bost jesuitaren hilketa "erabakitzea, diseinatzea eta exekutatzea" leporatuta, tartean Ignacio Ellacuria euskal herritarrarena.
Epaiketa Madrilen izango da, hamar saiotan banatuta.
Auzi saioak gertu zirela eta, abenduan Auzitegi Nazionalak bi urte luzatu zuen militar ohiaren behin-behineko espetxealdia.
Montano da Espainiako Justiziak epaituko duen El Salvadorreko lehenengo militar ohia, eta Fiskaltzak 150 urteko kartzela zigorra eskatzen du bost hilketa terrorista egotzita.
Haren ondoan, akusatuen aulkian izango da Rene Yusshy Mendoza, Capitan General Gerardo Barrios eskola militarreko teniente izan zena, eta hilketak gauzatu zituen Atlacatl batailoiko kidea.
Fiskaltzaren arabera, biek parte hartu zuten, 1989ko azaroaren 16an, hilketen "erabakian, diseinuan eta exekuzioan".
Igancio Ellacuria Ertamerikako Unibertsitatearen errektorea zen, eta Liberazioaren Teologiaren ideologoetako bat.
Espainiako Justiziak 20 bat militar ohi auzipetu zituen, baina El Salvadorreko agintariek ez zieten estradizio aginduei jaramonik egin.
Montano AEBetan egon zen preso bi urtez, 2017ko azaroaren 29an Espainiaren esku utzi aurretik.
eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du Espainiako Justiziak epaituko duen El Salvadorreko militar ohiaren kontrako lehen epaiketa.
Jesuitak, askietsita
Jesusen Lagundia askietsita agertu da epaiketa iristearekin bat, baina El Savadorren ez egitea deitoratu du, horrek herrialdearentzat edukiko lukeen “esangura sinboliko eta errestauratiboagatik”, eta ahaztuta gelditu ziren milaka salvadortar biktima ordezkatzeko.