Gizartea -
KORONABIRUSA
Gipuzkoako hondartzen okupazio-maila ezagutzeko aukera emango du APP batek
Aplikazioa 15 minuturo eguneratuko da, eta hondartzaz gozatzeko eta osasuna zaintzeko "edukieren kontrola eta kudeaketa izugarri erraztuko du".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak aplikazio mugikor bat garatuko du, eta, horren bidez, erabiltzaileek lurraldeko hondartzen okupazio-maila ezagutu ahal izango dute, unean-unean. Hala, Gipuzkoako hareatzen edukiera kontrolatu ahal izango da.
Aplikazioa 15 minuturo eguneratuko da, eta hondartza bakoitzaren okupazioari buruzko datuak emango ditu; aldi berean, egoerari buruz ohartaraziko du, kasu bakoitzean ezartzen diren dentsitate-atalaseen arabera.
Hori da, hain zuzen ere, Ingurumen Sailak Hondartzen Lurralde Mahaiaren bilera telematikoan aurkeztu duen baliabide teknologikoetako bat, hondartzen erabilera pandemiaren aurkako prebentzio-neurriekin bateragarri egiteko. Hondarribiko, Orioko, Zarauzko, Getariako, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateek ere parte hartu dute bilera horretan, Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, aplikazioak "izugarri erraztuko du edukieraren kontrola eta kudeaketa", eta azpimarratu du Aldundiak herritarren esku jarriko dituela hondartzaz gozatzeko eta osasuna zaintzeko "baliabide guztiak".
Era berean, mapa interaktibo bat eskainiko da, hainbat koloretako ikonoekin, hareatza bakoitzaren okupazioa adierazteko. Alerta-sistema bat ere izango du udalentzat, eta aurrez jakinaraziko ditu edukierak, marea-igoerak eta erabilera-baldintzen aldaketak.
Ekainaren 18tik aurrera, Gipuzkoan uztailaren 1ean egingo den hondartzen denboraldia hasi aurretik, bideometria bidezko edukiera kontrolatzeko sistema bat jarriko da martxan, Azti ikerketa-zentroarekin lankidetzan.
Hondartza Mahaiaren aurreko bileran adostutakoaren arabera, foru erakundeak sentsibilizazio-kanpaina bat egingo du ekainean eta uztailean, kontuan hartu behar dituzten arauen eta arreten berri emateko, hala nola bi orduko egonaldi mugatua eta gizarte-urruntzearen eta higiene-arauen errespetua.
Kanpaina kartelen, megafoniaren, komunikabideen, webguneen eta sare sozialen bidez egingo dute.