Gizartea -

Koronabirusa

Deskonfinamenduari ekin diote Ipar Euskal Herrian

Frantses Estatuak dekretu berezia argitaratu du astelehen-astearteetarako, larrialdi sanitarioko lege berria indarrean sartzen den artean.

Baiona. Argazkia: Koldo del Horno.
Baiona
Baiona. Argazkia: Koldo del Horno.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantses Estatuak deseskalatze prozesu oso progresiboa hasi du gaur, astelehenarekin, garraio publikoetan arreta berezia jarrita eta larrialdi sanitarioko lege berria, arrazoi juridikoak tarteko, oraindik indarrean sartu ez dela.

Astelehenetik, garraio publikoan eta geltokietan nahitaezkoa da maskara erabiltzea.  

Gainera, garraioez gain, astelehenean nolanahiko saltokiak ireki ahalko dira, tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta hotelak izan ezik. Horiek ekain hasierara arte itxaron beharko dute gutxienez.

Herritarrek ez dituzte justifikatu beharko etxetik 100 kilometrora arteko joan-etorriak. Distantzia horretatik aurrera, "ezinbesteko" arrazoi bat eduki beharko da.

Ezingo da bidaia turistikorik egin Schengen eremuko beste europar herrialdeetara, eta Olivier Véran Osasun ministroak esan du oraindik ez dakiela udan egiterik izango diren, epidemiaren eboluzioak zehaztuko baitu hori.

Frantziako Gobernuak gaurdanik jarri nahi zuen indarrean larrialdi sanitarioko egoera luzatuko duen eta deskonfinamendurako baldintzak ezarriko dituen legea, baina ez da posible izan, Kontseilu Konstituzionalak ez baitu eskatu zioten irizpena gaur arte emango.

Eliseoak idatzi batean iragarri duenez, hutsune horren aurrean dekretu bat argitaratu dute astelehen-astearteetarako, legearen neurri nagusiak biltzeko, hala nola bide publikoan eta eremu irekietan egin beharreko bilkuretan hamar pertsonako muga jartzea.

Veranek aurreratu du gaitza duten pertsonen kopurua "neurrigabe" igoz gero konfinamendua gogortzeko neurriak hartu litezkeela hainbat lurraldetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea berriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Deseskalatzea gaur