Gizartea -
Koronabirusa
Hildako bat eta positibo berririk ez Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, azken egunetan
Laugarren egunez jarraian ez da positiborik erregistratu, eta 32 pertsonak gainditu dute gaixotasuna.
Agentziak | Erredakzioa
Pertsona bat hil da azken egunetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan COVID-19agatik. Bestalde, 32 pertsonak gaixotasuna gainditu dute, eta ez da positiborik erregistratu laugarren egunez jarraian.
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak eman du datu hauen berri igande honetan. Guztira, 162 adineko hil dira Gipuzkoako egoitzetan pandemia hasi zenetik.
Azken orduetan hil den pertsona Donostiako La Paz egoitzako erabiltzailea zen, eta alta jaso dutenak Donostiako Berra (28), Zumarragako Argixao (2), Zarauzko Santa Ana (1) eta Beasaingo Arangoiti (1) egoitzetako erabiltzaileak dira. Gainera, Arangoiti COVID-19 kasurik gabe geratu da, azken pertsonak gaixotasuna gainditu ostean. Ondorioz, 14 dira koronabirus kasuak dituzten egoitzak Gipuzkoan, lurralde osoan guztira 5.425 plaza dituzten 65 egoitza dituztelarik.
Maiatzaren 3ra arte, 162 adineko pertsona hil dira, 271k gainditu dute gaixotasuna (kutsatutakoen % 49,5) eta 115 positibo daude erregistratuta. Gurutze Gorriaren zentroan, 24 pertsona daude ingresatuta, 25 daude ospitaleratuta, eta gainerakoek euren egoitzetan jarraitzen dute.