Gizartea -

Koronabirusa

Itxialdiaren ondorio fisikoak, gorputzari sistementzako bizitza kentzen zaionekoa

Biktima zuzenak, garrantzitsuenak, ez ezik, koronabirusa ondorio fisiko eta emozionalak ere uzten ari da. Isolamenduak gure egoera fisikoan dituen eraginei begiratu diegu.

Egoera honek eragindako estresak lesio akutuak eragin ditzake. Argazkia: Pixabay.
Jarduerarik ezaren ondorioak gorputzean
Egoera honek eragindako estresak lesio akutuak eragin ditzake. Argazkia: Pixabay.

Natxo Velez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren biktimez, horien senideez eta osasun zerbitzuetako eta horri lotutako eginbeharretako beharginez, alegia koronabirusak gogorren jotakoez, haraindi, pandemiak zeharkako beste ondorio nabarmen batzuk izan ditu, izaten ari da eta izango ditu herritarrengan, maila sozial, ekonomiko eta psikologikoan, baita fisikoan ere.

Gorputzak igartzen ari dira isolamenduak berekin ekarri duen jarduera fisikorik eza, Ignacio Suárez Meler Fytma Bilboko klinikako fisioterapeutak azaldu digunez, “mugimendua bizitza baita sistema guztientzat”. “Maila muskuloeskeletikoari ez ezik, mugimenduak on egiten die sistema zirkulatorio eta linfatikoari; sistema gastrointestinalari, digestioa erraztuz eta idorreria gutxitzen; eta nerbio sistema begetatiboari ere, atzartasuna eta loaldia erregulatuz, adibide batzuk aipatzearren”, gehitu du Suarez Melerrek.

Izan ere, pandemiak eragin duen egoera askotan larriak loa galarazi dio makina bat herritarri, nola buruhauste soziekonomiko eta afektiboen ondorioz hala eguneroko martxa irauli izanak gorputzean piztutako durduzagatik, “edozein gauzak sortzen duen estresak egoera fisikoa aldatzen baitu nola edo hala, bihotz erritmoa edo tentsio arteriala handituz adibidez, eta aldarte estresagarri horri luzaroan eusteak ondorio fisikoak izan ditzake, noski. Estresa lo erritmoen, aldaketa hormonalen, gastrointestinalen eta beste hainbat sistemaren desoreka da berez, eta, luzaro eusten bazaio apaldu barik, maila muskuloeskeletikoan isla daiteke, lesio akutu bat utziz”.

Ignacio Suarez Meler

Ignacio Suarez Meler, Fytma klinikako fisioterapeuta

Telelana

Alarma egoera ezarri eta berehala, enpresa eta erakunde andana batek telelana sustatu zuten, posible zen heinean, eta jarduera horretan ere hainbat aholkuri jarraitu behar zaie, adituen ustez, askotan aisialdian erabiltzen ditugun espazioak lanerako erabiltzeak ekar lezakeen laxokeria saiheste aldera.

telelana

Suarez Melerren hitzetan, “betiko lanpostuan ari garenean bezala, aldian behin jarrera aldatu beharko genuke, lan jarduera ia guztietan jarrera eta mugimenduak errepikatu egiten baitira. Telelanari dagokionez, ohikoena eserita egitea denez, ordubetean edo ordu eta erdian behin altxatu beharko ginateke, gelan paseo labur bat eman eta mugimendu leun batzuk egin, minik gabekoak edo, gehienez ere, luzamendu sentipen arin bat uzten digutena lepoan, besoetan, enborrean eta beheko gorputz adarretan”.

Jarduera fisikoa eta dieta

Konfinamenduaren beste arriskuetako bat da, hain zuzen ere itxialdiak areagotutako antsietateak gidatuta, jarduera fisikoa inolako kontrolik gabe egiteko tentazioa, eta lesio bat baino gehiago ekarri du, egunotan, bulkada hori bridatu ezinak.

“Denetariko ariketak daude, nork bere gustu eta ahalmenetara egokitzeko modukoak; gainera, gaur egun jarduera fisikoaren profesional handiak daude, Interneten ariketak ondo nola egiten diren azaltzen dutenak. Hala ere, sarritan kirolean izaten diren lesioak ohitura faltak eta emaitzak lortzeko presak eragiten dituzte. Egunotan jaso ditudan kontsulta ugarienak lepoko, gerrialdeko eta besagainetako minagatik izan dira. Lunbagoaren kasuan, gainera, oso litekeena da, ariketa biziegiak egitearekin batera, sofan horrenbeste denbora egoteak ere gehiegi lagundu ez izana”, aipatu du Suarez Melerrek.

pisuak

Prebentzio neurri batzuk jasotzeko beranduegi ez den kasuetan, jakin behar da ez dela ariketarik egin behar mina izanez gero, hidratazioa arretaz zaindu behar dela eta, paradoxikoki, atseden hartu behar dela, etxean egonagatik. “Azken hori ahaztu ohi dugu, etxean beste zereginik ez dugu izaten eta, baina oso garrantzitsua da ez eragitea egunero behin eta berriz gihar talde berean. Askotariko ariketak egin behar ditugu, bezperan landutako guneei atseden emanez beste batzuei eragiteko”, Suarez Melerren hitzetan.

Elikaduran izandako aldaketei eta horiek eragin lezaketen gehiegizko pisuari buruz fisoterapeutak azpimarratu duenez, gehiegizko pisua inolaz ere mesedegarria ez bada ere, hori ekarri duten elikagaiei begiratu behar zaie: “Konfinamenduan elikadura arloan egindako gehiegikeriak, seguru asko, gozo, freskagarri eta opil gehiegi jatearekin lotuta egongo dira, eta kontuan hartu behar da jateko horiek gehiegizko pisuak berak baino eragin kaltegarriagoak dituztela, gorputzeko sistemak azkarrago handitu eta kaltetzen baitituzte”.

“Hantura horrek gehiegizko pisuak berak baino askoz eragin azkarragoa du muskuluetan, artikulazioetan eta nerbio sustraietan. Eta barneko hantura prozesu isil hori da denok ezagutzen ditugun lesio akutuen eragile nagusietakoa: tendinitisak, zuntz hausturak, zerbikalgiak, lunbalgiak eta beste”, erantsi du.

Ume eta adinekoak

Umeak, Espainiako Gobernuak itxialdiaren baldintzak arintzeko orduan kontuan hartu duen lehen kolektiboa, eta adinekoak, maiatzaren 2tik aurrera kalera irten daitezkeenak, izan dira itxialdian gehien sufritu duten taldeetako bi, azken horiek batik bat, askorentzat hil edo bizikoa baita zinez jarduera fisikoa.

masajea

“Fisikoki, adinekoentzat beste edozein kolektiborentzat baino okerragoa da egoera”, Suarez Melerren hitzetan. “Eguneroko paseoa edo, besterik gabe, ogitara edo egunkariaren bila irtetea ezinbestekoa da horren beharrezkoa den muskuluen tonu egokiari eusteko. Aste hauetan, askok bizi kalitatea kentzen zieten bizkarreko, eskuetako zein oinetako algia horiek igarriko zituzten berriz, baina seguru berehala etorriko direla beren onera errutina horiek berreskuratzen uzten dietenean. Kasu horietan, etxean ariketa leun osoak egiteko aholkua are garrantzitsuagoa da”.

Jarduerarako buelta “ezberdina”

Fisioterapia zentroak itxita daude alarma egoera ezarri zenetik eta horietako asko lehenago ere itxi zituzten, badaezpada, baina egunerokorako itzulera “ezberdina” ageri zaie aurrean, “gure jarduera profesionaleko zeregin gehienetan ezinezkoa baita segurtasun tartea zaintzea”.

“Hasiera gogorra izango da, zalantzarik gabe, jende asko irteteko eta gaitza hartzeko beldur izango baita, baina seguru nago lortuko dugula gure pazienteen konfiantza berreskuratzea, gure instalazioen desinfekzioan enfasi are handiagoa jarrita eta gure tratamenduak aplikatzeko orduan segurtasun neurriak are zorrotzago beteta”, azaldu digu Suarez Melerrek.

Itxialdia atzean utzitakoan, ez da fisioterapeuten beharrean dagoenik faltako, duda izpirik gabe, jarduerarik ezaren ajeen edo kirol jarduera desegokien kariaz: “Bizkarrezurreko algiak izango dira patologia nagusia jarduerari berriz heldu eta lehenengo asteetan, hanturengatik, telelanaren erruz edo jarrera txarrak izateagatik”, esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa olatu berria