Gizartea -
Koronabirusa
2020ko sanferminak, bertan behera
Iruñeko Udalak "triste" iragarri du Iruñeko jai nagusiak ez direla egingo.
Agentziak | Erredakzioa
2020ko sanferminak bertan behera utzi dituzte, Iruñeko Udalak "triste" iragarri duenez.
Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismo saileko zinegotzi eta alkateordeak iragarri du erabakia, Enrique Maya alkatea koronabirusak jota bajan denez gero Alkatetza lanak beretzat hartuta.
Interneten zabaldutako prentsaurreko batean, Elizaldek esan du oraindik uztailaren 6rako bi hilabete eta erdi falta badira ere, "agerikoa dirudi gure jai maiteak ez direla bateragarriak koronabirusarekin", eta, mundu mailako beste hainbat gertakari bezala, sanferminak bertan behera uztea erabaki dugu, "ezin baitzen salbuespenik egin".
Hainbat aldiz utzi dituzte aurretik ere San Ferminen omenezko jaiak, baina azken bi mendeetan lehenengoz eragingo du erabaki hori pandemia batek, nahiz eta, Miguel Izuk historialariak gogora ekarri duenez, bat baino gehiago egon diren, hala nola kolerarena edo espainiar gripearena.
Azkenekoz, 1997an utzi zituzten bertan behera sanferminak, egun batez, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia hil eta gero.