Gizartea -

Koronabirusa

Zertan aldatuko da konfinamendua apirilaren 27tik aurrera?

Aldaketarik handiena adingabeekin lotuta dago; kalera atera ahal izango dira, baina oraindik zehazteke dauden murrizketa zorrotzekin.

Adingabe bat kalean, maskararekin. Argazkia: Efe.
Adingabe bat kalean, maskararekin
12 urte gutxiagoko umeak kalera atera ahalko dira, mugekin, kutsapena saihesteko

1:44

L.E. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuak larunbatean iragarri zuen alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatzea eskatzeko asmoa, eta, horrekin batera, apirilaren 27tik aurrera, egun bizi dugun luzapena bukatuta, konfinamendua arautzen duten neurrietan zenbait aldaketa egongo direla azaldu zuen.

Aldaketa nagusia adingabeen konfinamenduarekin erlazionatuta dago eta azken egunetan indar handia hartu duen eskaerari erantzuten dio: haurrek kalera ateratzeko baimena izatea.  

"Irteerak mugatuta egongo dira eta kutsatzeak saihesteko neurri zorrotzak jarraitu beharko dituzte. Aringarri txiki bat dira", esan zuen Pedro Sanchezek larunbateko prentsaurrekoan.

Presidenteak ez zuen zehaztasun gehiagorik eman, baina informazio guztien arabera, 12 urtez beherakoak dira kalera ateratzeko baimena izango dutenak. Irteera horiek pertsona heldu batekin egin beharko dituzte eta denbora eta espazio mugak errespetatuz.

Neurriak Munduko Osasun Erakundearen oniritzia dauka, beti ere "ondo pentsatuta eta antolatuta" dagoenean eta irteera bakoitzean babeserako "neurri zorrotzak" aplikatuta.

Kirola, kalean?

Azken egunotan indarra hartu duen beste eskaera bat kalera kirola egitera ateratzeko aukera da, baina gai horretan, momentuz, ez da malgutasunik aplikatuko maiatzaren 10a baino lehen, eta hortik aurrera, oraindik, aztertzeko gaia litzateke, momentuko egoeraren arabera.

Maskarak

Datozen asteetan, maskaren erabilera zabaldu egingo da, kutsatzeak ekiditeko modu bat bezala. Honekin lotuta, eta azken asteetan prezioekin izandako gorabeherak ikusita, Espainiako Gobernuko Kontsuko Ministerioak agindu bat aterako du maskaren eta behar-beharrezkoak diren gainontzeko materialen produktuen prezioak mugatzeko.

Eta maiatzean, zer?

Pedro Sanchez berak esan zuenez, maiatza erabakigarria izango da, konfinamenduaren malgutasun maila baldintzatuko duelako. Neurri berriek emaitza ona emanez gero, konfinamenduaren murrizketak gero eta txikiagoak izango dira, baina aurkako egoera ere aurreikusten dute.

"Lurralderen batean atzera pausoak antzematen baditugu, hartutako erabakiak berrikusi eta erreakzionatuko dugu", azaldu zuen Sanchezek.

Prozesu luzea

Prozesua luzea eta ezberdina izango da erkidego bakoitzean ematen den egoeraren eta momentuko emaitzen arabera.

"Konfinamendua astiro, kontu handiz eta modu progresiboan arintzen joango gara. Baina arriskurik txikiena sumatuz gero, prozesua gelditu egingo dugu. Babeserako neurriak indartuko ditugu, lanpostuetan ere".

Mailakako irteerak

Epe luzeago batera begira, Gobernua mailakako irteerak nola antolatu pentsatzen ari da jada. Dirudienez, irteera horiek ordutegi zehatz batzuen arabera antolatzea da aukeretako bat, pertsonen adinak kontuan izanda. Baina beti, segurtasun eta higiene neurri zorrotzak gordeta, kutsatuen kopuruak gora egitea saihesteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak COVID kasuak Zer egin daiteke Euskadin?