Gizartea -
Koronabirusa
Osakidetzako profesional guztiei test azkarrak egingo dizkiete
Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia. Testak egiten lehenak arrisku gehien duten profesionalak izango dira.
Agentziak | Erredakzioa
Osasun Sailak Osakidetzako profesional guztiei egingo dizkie test azkarrak. Eremu soziosanitarioko ia langile guztiei probak egin ondoren, Osakidetzako profesionalei testak egiteko faseari ekingo zaio orain, antigorputzak zenbat profesionalek sortu dituzten identifikatzeko eta, era horretara, euren eta pazienteen segurtasuna indartzeko.
Horixe eman du jakitera Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Nekane Murgak, eta azaldu du test azkarrak lehenbizi arrisku berezia duten kolektiboei egingo zaizkiela, hau da, ZIUetako eta larrialdietako pertsonalari edo COVID pazienteak artatzen aritu direnei.
Horrez gain, kirurgietako taldeei eta paziente onkohematologikoak artatzen dituzten unitateetako pertsonalari ere egingo zaizkie. Ondoren, eta pixkanaka, Osakidetzako gainerako profesional guztiei egingo zaizkie, 35.000 pertsonari gutxi gora behera.
Larunbat honetako agerraldian, Murgak nabarmendu du gero eta jende eta kolektibo gehiagotara iristeko egiten ari diren ahalegin handia.
Ostiralean ere proba kopuru handia egin zen, 2.999, eta horietatik % 9k eman zuten positibo, orain arteko ehunekorik txikiena izanik. Guztira, 51.274 proba egin dira oraindaino.