Gizartea -
Koronabirusa
Save the Childrenek alokairu eta hipotekak ordaintzeko laguntza zuzenak eskatu ditu
GKEak Gobernuari eskatu dio familia babesgabeek alokairua eta hipotekak ordaindu ahal izateko laguntza zuzenak lehenestea, ordainketa atzeratzeak zorra metatzen baitu.
eitb.eus
Espainiako Gobernuak alokairuaren, etxegabetzeen, oinarrizko horniduren bermearen, aldi baterako langileen eta etxeko langileen dirulaguntzen eta enpresa txiki eta ertainen zein autonomoen Gizarte Segurantzako kuoten arloetan hartutako neurri sozioekonomikoen aurrean, Save the Childrenek Exekutiboari eskatu dio alokairua eta hipoteka ordaintzeko laguntza zuzenak lehenesteko, familia babesgabeen kasuan.
Gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) hitzetan, baliabide gutxien dituztenek alokairua eta hipoteka ordaintzeko luzamenduak familia babesgabeek zorra metatzea eragingo du, covid-19ak eragindako krisi sanitario eta sozialean zehar eta horren ondoren.
Save the Childrenek ontzat eman ditu alokairua ordaindu ezin duten familientzako 900 eurora arteko mikromaileguak (komisiorik gabe eta % 0ko interes tasarekin sei urtean itzultzeko), tregoa bat ematen dietelako etxe horiei, baina azpimarratu du zorra krisia bukatutakoan ere egongo dela. Hipoteken ordainketa atzeratzen den kasuetan, GKEak dei egin du beren kargupean adingabeak dituzten familia babesgabeei laguntza bereziak emateko, errentaren gaineko zergan kenkari bereziak eginez.
Umeen eskubideen aldeko elkarteak gogora ekarri duenez, atzo Eusko Jaurlaritzak alokairua eta etxeko gastuak ordaintzeaz salbuetsi zituen, behin-behinean eta ez ohiko eran, alokairu babestuko etxebizitza publikoan bizita koronabirusaren ondorioz langabezian gelditu edo diru-sarreran gutxienez % 40ko jaitsiera izan dutenak. Familia horiek ez dute apirileko, maiatzeko eta ekaineko alokairua ordaindu beharko eta, ordainketa atzeratu edo mailegua jaso duten familiek ez bezala, ez dute zorrik metatuko koronabirusak eragindako krisi ekonomiko eta sozialean zehar.
Funtsezko hornidurei dagokienez, elkarteak ontzat jo du bonu soziala luzatzea eta ur, elektrizitate eta gas hornidurak etetea debekatu izana, baina gaineratu du bere ustez funtsezkoa dela larrialdiak dirauen bitartean familia babesgabeei hornidura horiek osorik edo zati batean ordaintzea, horrek ere zorra metatzea ekidingo bailuke.
Azkenik, Save the Childrenek azpimarra jarri du diru-sarrerak arautu gabeko ekonomiaren bitartez lortzen dituzten familiengan (Gizarte Segurantzan izena emanda ez dauden etxeko langile eta garbitzaileak, txatar-biltzaileak, azoketan ari direnak…), ekonomia ezkutuarekiko loturak dirulaguntzak jasotzeko aukerarik gabe edo aukera gutxirekin uzten baititu.