Gizartea -

KORONABULOAK

Ez, Iberdrolak ez die % 25eko beherapena egiten bere bezero guztiei

WhatsApp bidez zabaldutako mezu baten arabera, konpainia elektrikoak deskontu bat egiten die bere bezeroei 60 egunez. Hiru eguneko sustapena izan da, eta bezero talde jakin batentzat bakarrik.

Iberdrola dorrea, konpainia elektrikoaren egoitza nagusia, Bilbon. Argazkia: EiTBren bideo batetik
Iberdrola dorrea, konpainia elektrikoaren egoitza nagusia, Bilbon.
Iberdrola dorrea, konpainia elektrikoaren egoitza nagusia, Bilbon. Argazkia: EiTBren bideo batetik

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrola konpainia elektrikoak ez die bere bezero guztiei % 25eko deskontua egiten 60 egunez, koronabirusaren krisiaren ondorioz agertzen ari diren albiste faltsuei aurre egiteko EiTBk abiatu duen #Korobuloak ekimenak baieztatu ahal izan duenez enpresaren beraren iturrietatik.

Azken orduetan, asko hedatu da WhatsApp bitartez Iberdrolaren eskaintza baten berri ematen zuen mezua. Eskaintza horren arabera, 900 225 235 telefonora deitu eta hala eskatzen zuen bezero orok "% 25eko deskontua izango luke argiaren fakturan 60 egunez". WhatsAppen mezuan jasotzen denez, sustapen hori "koronabirusaren (COVID-19) aurkako ekintza-plan global batean kokatzen da, krisiak irauten duen bitartean horniduraren mantentzea eta kalitatea bermatzeko".

Hainbat lagunek galdetu dute gai horri buruz 600 900 454 telefono-zenbakian, hots, EiTBk koronabirusarekin lotutako buloak geldiarazteko asmoz abiatutako ekimen parte hartzailearen telefonoan. Herritarrek albiste faltsuak izan daitezkeenen argazkiak, testuak eta bideoak bidal ditzakete bertara, mezu horien egiazkotasuna argitze aldera. Ekimen horretan, VOST Euskadirekin (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) eta Maldita.es webgunearekin lankidetzan ari da EiTB. Halaber, Eva Caballero kazetariak Radio Euskadin zuzentzen duen La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badu.

Iberdrolaren Bilboko egoitzatik, enpresako komunikazio sailak esan digu kanpaina hori agortuta dagoela eta dagoeneko ez dutela deskontu hori egiten. "Kolektibo jakin bati zuzenduta zegoen eta amaituta dago", adierazi digute. 14:15ean eman digute horren berri.

Geroago, 17:30ean, 900 225 235 zenbakira deitu dugu (konpainia elektrikoaren bezeroaren arretarako benetako telefono-zenbakia) xehetasun gehiagoren bila. Operadore batekin harremanetan jartzea lortu ondoren, hark esan digu eskaintza egon dela, baina denbora-tarte labur batean besterik ez (igaro berri den ostiraletik igandera bitartean, hots, martxoaren 27tik 29ra). Aitzitik, erabiltzaile batzuek sare sozialetan adierazi dutenez, astelehen goizean bertan saiatu dira bertara deitzen beherapen hori lortzeko.

Gainera, aipatu eskaintza merkatu libreko bezeroentzat baino ez zela adierazi digu (merkatu librean erabiltzaileek horniketa komertzializatzen duten enpresekin adosten dute ordaindu beharreko tarifa), eta ez merkatu arautuko bezeroentzat (Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioa). Azken horretan, prezioak Espainiako Industria Ministerioak ezartzen ditu.

Komertzialak azaldu digunez, eskaintza hori ez da modu proaktiboan egin (balizko bezeroei deituta), baizik eta hiru egun horietan deitu duten merkatu libreko bezeroei egin zaie.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola WhatsApp Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak Elektrizitatea Koronabirusa