Gizartea -

Koronabirusa

500 pertsonak baino gehiagok eskaini dute beren burua boluntario gisa EAEn

Astebetean, guztira 136 lagunek eskatu dute laguntza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, oinarrizko beharrizanak asetzeko, eta zenbateko hori handitzen joatea espero dute.

Besteak beste, boluntarioek erosketak egiten dizkiete behar dutenei. Argazkia: Efe.
Ilarak, Berangoko saltoki batean
Besteak beste, boluntarioek erosketak egiten dizkiete behar dutenei. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astebetean, 500 pertsonak baino gehiagok eskaini dute beren burua boluntario gisa, Guztion Artean Euskal Autonomia Erkidegoan behar-beharrezko zerbitzuak betetzen dituen sare solidarioan parte hartzeko, gaur, astelehenarekin, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez.

Bestalde, 136 lagunek eskatu dute laguntza astebetean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sare honen bitartez zerbitzu ezinbestekoak bete dakizkien.

Caritasek eta Gurutz Gorriak hiru lurralde horietako euskal herritarren 517 eskaintza jaso zituzten joan den larunbatera arte. Gainera, dagokien profilera egokitzen diren 193 boluntario balioztatu dituzte dagoeneko, besteak beste, plan honek ezartzen baitu boluntariook ezin dutela osasun arazorik izan, pertsona boluntarioen beren eta artatutakoen osasuna zaintzen aldera.

Guztion Artean Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen elkartasun antolatuko sarea martxoaren 17an abiatu zuten, eta sintomarik ez duten 70 urtetik gorakoen edo pertsona dependenteen oinarriko beharrizanak asetzea du helburu, baita pertsona kalteberenak ere (Administrazioak bideratzen ditu horiek), etxean bakarrik, bikotekidearekin edo familiaren babesik gabe bizi badira.  

Zerbitzu hau eskatzen dutenek egunerokoa egiteko laguntza behar izaten dute, hala nola oinarri-oinarrizko hornigaiak eskuratzeko (elikagaiak, nork bere burua edo etxea garbitzeko gaiak eta premiazko beste edozein gai), zarama kalera ateratzeko, Osasun Txartel Indibidualaren bidez jasotako botikak hartzeko, etxeko animaliarekikoak betetzeko (paseoan atera edo albaitariarengana eraman, larrialdirik izatekotan) eta ezin atzeratuzko izapide eta gestioak egiteko.

Baldintzak

Boluntario izateko, ezin da aurretiazko patologia kronikorik izan, ezta sintomarik ere, jarduera hasi baino 14 egun lehenagotik edo etxebizitzara joan aurretik. Gainera, 18 eta 64 urte artekoa izan behar da, eta eskuragarri izan hurrengo hilean, astean bizpahirutan bi orduz behinik behin.

Gurutze Gorriak 945 222 222 telefono zenbakiaren bitartez jasotzen ditu laguntza eskaerak eta boluntario izan nahi dutenen eskaintzak, eta bertan bideratzen du beraien parte-hartzea eta ebazten ditu herritarren zalantzak.

Izena Caritasen bidez eman nahi duenak 688 662 773 telefono zenbakia du eskura.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak COVID kasuak