Gizartea -
KORONABULOAK
Ez da hirigunerik helikopteroz fumigatuko, koronabirusari aurre egiteko asmoz
COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren aurkako neurriak zorrotzak izaten ari diren arren, hiriak airetik fumigatzea ez da neurri horietako bat.
EiTB
Koronabirusak duen hedapen eta kutsakortasun maila altuaren ondorioz, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak neurri zorrotzak hartu dituzte pandemiari modu eraginkorrenean aurre egiten saiatzeko xedearekin.
Aipatutako neurrien artean, oso nabarmena da alarma-egoera indarrean jarri izana. Horren eraginez, herritarren gehiengoa etxean dago konfinatuta, besteak beste, kutsatze gehiago izateko arriskua murrizte aldera.
Dena den, orain arte hartutako neurrien artean, oraingoz ez dago hainbat hiritako kaleak airez fumigatzeko aukera, WhatsAppetik dabiltzan hainbat mezuk eta irudik hala izango dela ohartarazten duten arren.
Horrela, irudi horietako batean esaten denez, "gaueko 23:00etatik aurrera, hainbat helikopterok botikak jaurtiko dituzte desinfektatzeko asmoz" eta zeregin horretan "5:00ak arte" ibiliko direla gaineratzen du. Jarraian, gauez "leihoak ixtea" eta "kalean ez egotea" iradokitzen du ohartarazpen faltsuaren egileak.
Antzeko ideia zabaltzen duen beste mezu batek honako hau dio hitzez hitz (jatorrizkoa, gaztelaniaz):
"Amigos a los que tengan ropa tendida y cerrar ventanas de 12 a 4 de la mañana aviones militares fumigarán sevilla, Cádiz, malaga, y Madrid compartír a todas tus gentes".
Aitzitik, gezurra da COVID-19 gaitzaren aurka borrokatzeko hiriak fumigatuko direla, ez helikopteroz ezta hegazkin militarrez ere, eta hala jasotzen du Poliziak berak Twitterren duen kontu ofizialean: