Gizartea -

Koronabuloak

Faltsuak dira Unicefen izenean zabaldu diren koronabirusaren aurkako aholkuak

Beraz, ez dira zuzenak Unicefen logoa baliatuta zabaldutako zenbait baieztapen, besteak beste, izozkia eta beste elikagai hotz batzuk ez jatea gaixotasuna ekiditeko mesedegarriak direla diotenak.

Unicefen izenean koronabirusari buruz zabaldutako argibide faltsuak. Argazkia: EiTB
Unicefen izenean koronabirusari buruz zabaldutako argibide faltsuak.
Unicefen izenean koronabirusari buruz zabaldutako argibide faltsuak. Argazkia: EiTB

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unicefen logoa baliatuta, koronabirusari aurre egiteko argibideak ematen dituzten irudi batzuk erabat faltsuak dira, Charlotte Petri Unicefeko zuzendari exekutibo ondokoak baieztatu duenez. Aipatu irudiak mundu osoan zabaldu dira berriki, hainbat hizkuntzatan plazaratzen baitituzte azalpenak.

Ustezko gomendioen arabera, besteak beste, izozkia eta bestelako elikagai hotzak ez jateak gaitza ekiditeko balio dezake. Beste aholku baten esanetan, ur beroa edateak edota eguzkitan egoteak birusa hiltzen laguntzen du. Beste zenbait irudik koronabirusa materia bizigabe baten gainean uzten denean aktibo irauten duen denborari buruzko informazio ematen dute. Hori, "noski, erabat faltsua da", Unicefek baieztatu duen legez.

Beste irudi batek, ur epel eta gaziarekin gargarak egiteak birusa deuseztatzen duela azaltzen du, biriketara iristea eragotzita. Hain zuzen ere, azken informazio hori EiTBko #Koronabuloak ekimeneko lantaldeak dagoeneko gezurtatu zuen.

Horrenbestez, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak jarraibide horiek igorri izana ukatzeaz gain, faltsukeria horien sortzaileei mezua bidali die: "Nahikoa da. Zehatza ez den informazioa partekatzea eta autoritatez hornitzen saiatzea, konfiantzazko posizioa dutenen izenak bidegabe hartuta, arriskutsua eta okerra da".

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa