Gizartea -
Koronabuloak
Funtsezko datuak nahasten eta baztertzen dituen ustezko familia-medikuaren audioa
Natalia Prego Cancelo familiako mediku gisa identifikatu den emakume baten audio bat biral bihurtu da egun hauetan. Bere argudio nahasietan, datuak nahasten ditu, eta ospitaleko kolapsoa ahazten du.
EiTB
Natalia Prego Cancelo familiako mediku gisa identifikatu den emakume baten audio bat biral bihurtu da egun hauetan. "Koronabirusak eragin duen infekzioaren datu kliniko objektiboetan oinarrituta, herritarren manipulazio emozionala eta psikologikoa egiten ari dira, datu horiek elgorriaren birusak eragiten dituen infekzioak edo gripearen birusak urtero-urtero sasoi honetan eragiten dituenak baino nabarmen larriagoak ez badira ere", salatzen du bertan.
5 minutu eta 47 segundoko iraupena duen eta 2020ko martxoaren 15ean grabatutako audioan, Natalia Prego dela esanez identifikatzen den emakume batek azaltzen duenez, "Munduko Osasun Erakundeak eman dituen datuek ez dute erakundeetatik zabaltzen ari den alarma soziala justifikatzen". COVID-19 gaitzaren hilkortasun maila gripearekin eta elgorriarekin alderatzen ditu, eta koronabirusak eragiten duen gaitza aipatu gaixotasun horiek baino arinagoa dela ematen du aditzera.
Halaber, erakunde mailan hartu diren erabakiak kritikatzen ditu, batez ere "osasuntsu dauden pertsonak zehaztu ez den denbora batez izango duten isolamendu fisikoa eta emozionala", eta "arriskuan dauden herritarrak bakarrik isolatzea" eskatu du, "kostu sozial txikiagoa baitu".
EITBren #Koronabuloak ekimenetik ezin izan dugu baieztatu Prego doktorea eta audioaren egilea pertsona bera diren, ezta Pontevedrako Medikuen Elkargoak ere. Aitzitik, aipatu elkargoak ziurtatu diguna da badela pertsona bat euren kideen artean Prego doktorearen izen-abizenak eta lizentzia-zenbakia dituena; ordea, baina ezin izan du baieztatu audioko ahotsa bertako elkargokidea den profesionalari dagokion ala ez.
"Salaketa jar dezala, edo lizentzia ken diezaiotela"
Aceptando el reto de sanar Pregok idatzitako liburuari eskainitako blogean, hainbat medikuk eskatzen diote gezurta dezala bera denik audioaren egilea, eta salaketa jar dezala iradokitzen diote; izan ere, hala egingo ez balu, lanbidetik kanporatu beharko luketela uste dute, pandemia geldiarazteko osasun-zerbitzuetako milaka pertsonen lanari egiten ari zaion kalte larriaren aurrean. Liburuaren argitaletxeko telefonoak ez du erantzuten (erantzungailu bat ateratzen da). Orain arte, Pregok ez du gezurtatu audioa berea denik. Pontevedrako Medikuen Elkargoak, berriz, adierazi digu audioan esandakoak elkargokide baten iritzia balitz, "iritzi pertsonal baten eremuan" soilik geratuko litzatekeela.
Orain biralizatutako audioak, ordea, ahaztu egiten du krisi hau eragin duten arrazoi nagusietako bat aipatzea: birus berria denez eta giza gorputzak defentsarik ez duenez, kutsatze kopuru handiak ospitaleetako kolapsoak eman ditu eta eragiten ari da.
Italian edo Txinan frogatu den bezala, ospitaletan gaixoak artatzeko ahalmena gainditzeko zorian edota gaindituta egoten da pandemiaren hedadurak "goia" jotzen duenean, batez ere koronabirusaz kutsatuta dauden arrisku-taldeetako pertsonen ospitaleratzeak gertatzen direnean. Gainera, horren eraginez, beste premia batzuk dituzten pertsonak behar dituzten tratamenduak jaso gabe gera daitezke. Hori izan da, hasiera-hasieratik, osasun agintariek konfinamendua ezartzeko helarazitako mezu funtsezkoetako bat.
Beste hedabide batzuetan ere (Maldita.es-en, besteak beste), zalantzan jarri dute Natalia Pregoren audioan emandako informazioaren baliozkotasuna, eta datu teknikoagoak eman dituzte. Horien argudioek hiru ardatz nagusi dituzte: koronabirusa ez da gripe baten modukoa, hilkortasun tasa handiagoa du eta errazago transmititzen da; ez dago ez tratamendurik, ez horren aurkako txertorik, baina eusteko moduan dago oraindik; eta egia da elgorria hilgarriagoa eta kutsagarriagoa dela, baina badago horren aurkako txertoa.