Gizartea -
Koronabirusa
EAEk covid-19a atzemateko proben Europako batez bestekoa boskoizten du
Egunera arte, 4.020 proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1.837 milioi biztanle bakoitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzak koronabirusa atzemateko 4.020 proba egin ditu gaur arte, hau da, 1.837 azterketa milioi biztanle bakoitzeko, Europako batez bestekoaren halako bost. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azpimarratu du “ahalmen handia” duela azterketa horiek egiteko “lehentasuna duen" erien arreta alboratu gabe.
Exekutibo autonomikoak gaur, asteazkenarekin, ohar batean zehaztu duenez, ez dago “kontraesanik” Osasun Saila koronabirusaren aurka borrokatzen ari den moduaren eta Gobernu zentralak horren ildotik ezarritako protokoloaren artean.
Ministerioaren protokoloak esaten du proba erietako batzuei egin behar zaiela eta lehentasuna arriskuan dauden eriek eta langileek dutela. "Hori egiten ari gara", azaldu du Osasun Sailak.
% 50eko hazkundea
Jaurlaritzaren Osasun Sailak azpimarratu du azken 24 orduetan azterketen kopurua % 50 handitu duela aurreko egunekin alderatuta.
Jaurlaritzak erantsi duenez, Osakidetzak une oro lehenetsi du eriei arreta ematea probak egitearen aurrean. Nolanahi den, gogora ekarri du diagnostiko goiztiarra ere garrantzitsua dela covid-19a zabaltzea ekiditeko, “Euskadin argi gelditu den bezala”.