Gizartea -
Luizia Zaldibarren
AP-8 autobidean bypass bat ireki dute
Bilboko noranzkoko bi erreiak dira zabaldu dituztenak. Donostiako noranzkokoak itxita daude eta ez da espero "epe laburrean" irekitzea, errepidera jausitako lurrak mendia "eusten" ari direlako.
eitb.eus
Ertzaintzak bypass bat ireki du ostiral honetan AP-8 autobideko 74. eta 79. kilometroen artean, Trafiko Zuzendaritzak jakitera eman duenez. Bitartean, Zaldibarko mendi-mazela batean atzo luizia izan ondoren errepidera eroritako hondakinak bidetik kentzen jarraitzen dute.
Zehazki, Bilborako norabidean doazen bi erreiak garbitu dituzte, eta bertan egin dute bypassa.
Donostiarako bi erreiak, ordea, itxita daude oraindik, eta ez da espero "epe laburrean" zabalduko dituztenik. Izan ere, Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Ekonomiaren Garapenerako diputatuak aitortu duenez, luze jo du.
Pradalesen hitzetan, Donostiako noranzkoko zatira jausitako hondakinak mendi-magala "eusten" ari dira, eta horiek kenduz gero, baliteke luizi gehiago egotea.
Foru Aldundiko geologoak ingurua aztertzen ari dira, eta eremua garbitzea bideragarria eta segurua dela egiaztatu arte, ez dute lanik berrabiatuko.
Halaber, autobide ondoko mendi-magalean dagoen zabortegiko bi langile desagertuta daude, baina horiek bilatzeko lanak eten dituzte larrialdi zerbitzuek, amianto arrastoak aurkitu dituztelako inguruan.