Gizartea -
Bilbo
Ertzainek baztertu egin dute alaba hil zuen emakumeak behartuta egin zuela
Amak dio gizon batek behartu zuela alaba hiltzera, baina ertzainen ustez bertsio horrek "ez du zentzurik", ikertutako guztiek zurigarria dutelako.
agentziak | erredakzioa
Bilboko Atxuri auzoan ustez amak hil zuen 9 urteko alabaren kasua ikertu zuten ertzainek baztertu egin dute hirugarren pertsona batek, gizon batek, emakumea neskatoa hiltzera behartu izana, akusatuak hori badio ere.
"Ez dugu uste hirugarren pertsona hori existitzen denik, ez genion sinesgarritasunik eman bertsio horri", Bizkaiko Auzitegian egiten ari diren epaiketan gaur, bigarren saioan, adierazi dutenez.
Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioak uste dute amak azpikeriaz hil zuela alaba, eta espetxe mugagabe berrikusgarria eskatu dute. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du, zigor ardura aipatu hirugarren pertsonarena izango litzatekeelako, etxebizitzan kaputxa jarrita sartu zen gizonarena, alegia.
Aurreko urtarrilaren 16an izan zen hilketa. 20 urteko alaba nagusia etxera iritsi zenean ama-alabak besarkatuta eta konortea galduta zeuden. Osasun zerbitzuek ama suspertzea eta ospitalera eramatea lortu zuten, baina neskatoa hil egin zen.
Ertzainek azpimarratu dute etxeko atean ez zegoela indarkeria zantzurik, etxebizitza barruan ere ez zegoela halakorik, eta bizilagunek ez zutela ezer ikusi edo entzun. Gainera, familiako eta familiatik kanpoko gizonezko guztiak ikertu omen zituzten, eta guztiek dute zurigarria. Horregatik, "ez du zentzurik" hirugarren pertsonaren bertsioak, ertzainen arabera.
Auzitegi medikuaren txostenean agertzen denez, emakumeak ez zuen nahasmendurik, paranoiarik edo gaitz psikiatrikorik. Iraganean izandako opiazeo mendekotasunaren arrastorik ere ez omen zuten antzeman.