Gizartea -
Kilometroak
Milaka euskaltzalek 42 urteko zikloari amaiera eman diote Zarautzen
Ekimena urte osoan zehar luzatu nahi duen etapa berri bat ireki da, ikastoletan antolatutako proposamen desberdinekin. Antolatzaileek egunaren balorazio "oso positiboa" egin dute.
EITB.EUS
Milaka lagun bildu dira igande honetan Zarautzen, Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiaren harira. Hitzorduaren antolatzaileak, Salbatore ikastolak, egunaren balorazio positiboa egin du, izan ere, milaka euskaltzale bildu ditu ekimenak. Antolatzaileek egunaren balorazio "oso positiboa" egin dute.
42 urte igaro dira lehen jaialdia ospatu zenetik. Zarautzek amaiera eman dio ziklo bati, jai-eredua aldatuko baitute. Hemendik aurrera, urte osoan zehar luzatuko diren ekitaldiak egingo dituzte, Gipuzkoako ikastoletan antolatutako proposamen desberdinekin, alegia. Horrela nabarmenki aldatu den errealitatera eta kontsumo erara moldatu nahi da.
Salbatore Mitxelena ikastolaren eskutik, Kilometroak jaiak gustu guztietarako ekintzak antolatu ditu Ni, hi, hura, ikastola mundura! lelopean. Helburu hori lortzeko, 1.500 pertsonen laguntza izan dute, ziklo amaierako Kilometroak arrakasta izan dezan.
Edizio honetan antolatutako ekintzak jaso dituzten hiru esparruak 7.700 metroko zirkuitu batean kokatu dira. Ikastola (Ni esparrua), Mollari (Hi esparrua) eta kai-muturra (Hura esparrua) izango dira.
Ohikoa denez, musika da osagai nagusietako bat. Sonakay, Skasti, Bad Sound, Mac Onak eta Pottors eta Klito dira jardunaldia girotu dutenak, besteak beste.
Gainera, tailerrak, kurtsoak, jolasak eta ekintza anitzak dituen esparru bat ere dago, baita herri kirolak eta dantzak ere.
Zirkuituan aurrera egin ahala, jendeak txarangak, txistulariak, Tunturroak, Kumbian Bero batukada feminista… aurkitu ahal izan ditu, besteak beste.