Gizartea -
Ordu aldaketa
Erlojuak ordubete atzeratu beharko dira goizaldean
Urtero legez, ordubete atzeratu beharko dira ordulariak igande goizaldean, neguko ordutegira egokitzeko. Hala, 03:00etan, 02:00ak izango dira berriz ere.
eitb.eus
Urriaren 26tik 27rako gauean, neguko ordutegia jarriko da indarrean, eta, ondorioz, erlojuak ordubete atzeratu beharko dira: 03:00etan 02:00ak izango dira. Horrenbestez, lo egiteko ordubete gehiago izango dugu, eta handik aurrera egunak laburragoak izango dira.
EBk 2001ean erabaki zuen urtean bi aldiz ordua aldatzea: martxoko eta urriko azken igandeetan, hain zuzen. EBko estatu kideentzat nahitaez bete beharreko araudia da, energia aurrezteko eta argi ordu naturalak aprobetxatzeko. 1999an Europako Batzordeko adituek azaldutakoaren arabera, garraio eta komunikazioentzako zein bide-segurtasunerako eta lan-baldintzetarako onurak dakartza ordu aldaketak, baita osasun, turismo eta aisiarako ere.
2018an, baina, Europako Batzordeak ordu aldaketaren inguruan galdetu zien herritarri eta kontsulta horretan parte hartu zuten 4,6 milioi lagunen % 80k ordu aldaketekin amaitzea nahi zuten. Horrela, 2019aren martxorako ordu aldaketekin amaitzea proposatu zuen EBk. Hala ere, estatuen arteko adostasun falta eta ondorioen ebaluaziorik ezak neurria 2021era arte atzeratzea eragin zuen.
Horrenbestez, EBko herriek 2020ko apirilera arte dute udako edo neguko ordutegiarekin gelditzen diren erabakitzeko. Udako ordutegiarekin geldituz gero, 2021eko martxoan egingo lukete azken ordu aldaketa. Negukoan gelditzen diren herrientzako, berriz, 2021eko urrikoa izango da azkena.
Espainian, berriz, Gobernuak egungo ordu aldaketekin jarraitzea erabaki zuen martxoan, eta ordutegi bat aukeratzekotan, adituei agindutako ikerketak ez du argibiderik eman. Izan ere, Ikerketa Soziologikoen Zentroaren arabera, herritar gehienek nahiago dute udako ordutegia. Adituek, ordea, negukoa gomendatzen dute.