Gizartea -
Migratzaileak
'Open Arms' Balearretara joateko prest dago, migratzaileen segurtasuna bermatuz gero
Gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du migratzaileen egoera larria dela eta, Lampedusako kostaldean 18 egunez zain egon ostean, ezinezkoa dela ontzia Algecirasko porturaino joatea.
Agentziak | Erredakzioa
'Open Arms' ontzia Balearretako portu batean lehorreratzeko prest agertu da astelehen honetan, Italiak eta Espainiak ontzian dauden 107 migratzaileen segurtasuna bermatzeko "beharrezko neurriak hartzen badituzte". Ontziak 18 egun daramatza Lampedusatik (Italia) gertu, portu seguru baten bila.
Hala adierazi du Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ohar batean, Algecirasko portuan (Cadiz) lehorreratzeko Espainiako Gobernuak igandean egin zion proposamena baztertu ostean, aukera hori "ez dela bideragarria" iritzita.
“18 egun geldirik egon ostean, badirudi Italiak eta Espainiak akordio bat lortu dutela, eta Palma Mallorcako portuan edo Maokoan (Menorca) lehorreratzea eskaini digu. Erabat ulertezina iruditzen zaigu erabaki hori”, esan du erakundeak.
Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak atzo egindako proposamena baztertzera eraman zituzten arrazoiak gogora ekarri dituzte ‘Open Arms’ ontziko arduradunek. Izan ere, Algeciras gaur egungo kokalekutik sei egunera dago, eta ontzian bizi duten egoera “jasanezina” da; antsietate krisiekin, borrokekin eta Lampedusako uhartera igerian iristeko asmoz uretara salto egin duten migratzaileekin.
“Lampedusako kostaldetik 800 metrora gauden arren, ehunka miliako zeharkaldi berri bati aurre egitea eskatu digute Europako herrialdeek, eguraldi txarra eginda ere. Gure GKE txikiaren ontzian 107 pertsona eta 24 boluntario daude, Europak ukatzen dizkien eskubideak bermatu nahian. 24 egun daramatzate erantzun baten zain”, gaineratu du ‘Open Arms’-ek.
“Espainiak eta Italiak akordio bat lortu badute, ezinbestekoa da ontzian dauden pertsonak portu seguru batean lehorreratu ahal izateko beharrezko neurriak bere gain hartzea bi herrialde horiek”, azpimarratu du erakundeak.
Halaber, abuztuaren 1etik 10era bitartean egindako hiru erreskateen ondoren, kostaldetik gertuen zeuden bi estatuei (Italia eta Malta) lehorreratzeko portu bat eskatu zietela gogora ekarri du Proactiva Open Arms erakundeak ohar horretan, baina bien erantzuna ezezkoa izan zela nabarmendu du.
"Errealitatea lausotzea" leporatu dio 'Open Arms'-ek Calvori
Bestalde, Ricardo Gatti ‘Open Arms’-eko arduradunak "errealitatea lausotzea" leporatu dio Calvori, Maltan lehorreratzeko “aukera baztertu” eta Italiarantz joan zirela azpimarratu ostean.
Hala, ‘Open Arms’-eko ordezkariak Calvoren adierazpenak ukatu ditu, eta abuztuaren 10ean erreskatatutako 39 migratzaileak beste ontzi batera eramaten saiatu zirela ziurtatu du. Izan ere, aurretik erreskatatutako 121 migratzaile zeramatzaten ontzian, eta ez zuten pertsona gehiagorentzako tokirik.
Erakundeak azaldu duenez, egun horretan urduritasuna nagusitu zen ontzian, egun gehiago zeramatzaten migratzaileek ez zutelako ulertzen zergatik lehorreratu zezakeen iritsi berri zen taldeak, haiek ontzian jarraitu behar zuten bitartean.
Eusko Jaurlaritza, erantzun baten zain
Bestalde, ‘Open Arms’ ontziak Mediterraneo itsasoan erreskatatu dituen migratzaileak hartzeko prest dagoela berretsi du Eusko Jaurlaritzak, baina Espainiako Gobernuaren erantzunaren zain jarraitzen du.
Hala iragarri zuen Iñigo Urkullku lehendakariak abuztuaren 6an, Maria Chivite sozialistak presidente kargua hartu zuenean Nafarroako Gobernuan.
Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "erantzunkidetasunaren printzipioa ezartzea da migrazioaren errealitateari aurre egiteko irtenbiderik onena", hau da, "Europar Batasuneko kide diren herrialdeen artean erantzunkidetasun printzipioa partekatzea, eta, printzipio bera, Autonomia Erkidegoei ezartzea". Gainera, migrazioaren inguruko itun bat sinatzea beharrezkoa dela esan du.