Gizartea -
Tragedia Mediterraneoan
Gutxienez 81 pertsona migratzaile desagertu dira Tunisiako kostaldean
Ontzia duela bi egun abiatu zen Zuara hiritik (Libia). Jitoan zegoen, eta arrantza-ontzi batek aurkitu du. Arrantzaleek kostazainei abisua eman diete.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 81 pertsona migratzaile desagerturik daude, txalupa bat hondoratu ondoren, Zarziseko kostaldean (Tunisiako hegoaldea), Chamseddine Marzoug Ilargi Gorriko kideak jakitera eman duenez.
Marzougen hitzetan, ontzia duela bi egun abiatu zen Zuara hiritik (Libia). Jitoan zegoen, eta arrantza-ontzi batek aurkitu du. Arrantzaleek kostazainei abisua eman diete.
"Hiru pertsona erreskatatu eta ospitalera eraman dituzte. Horietako bat duela pare bat ordu hil dela esan berri digute. Beste bi Zarziseko harrera zentro batean daude", adierazi du ekintzaileak.
Tripoli eta Tunisiako muga lotzen dituzten hondartzak gizakiekin trafikatzen duten mafien gotorleku nagusia bihurtu dira azken bi urteetan, nahiz eta Europako patruilariak bertan izan.
597 hildako 2019an
Migraziorako Nazioarteko Erakundeak azaldu duenez, guztira 597 etorkin hil dira itsasoan, Europako kostaldera heltzeko saiakeran, 2019ko hasieratik.
343 pertsona "ibilbide zentrala" izenekoan hil dira. Libiako kostaldetik abiatzen da, eta munduko hilgarrienetariko bat da.
2018 osoan 620 pertsona hil ziren Mediterraneoan. Ondorioz, duela hilabete batzuk herrialde batzuek erreskateetan laguntzen duten gobernuz kanpoko erakundeen lana debekatu zutenetik joera aldaketa bistakoa da.
Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, urteko lehen seihilekoan 27.834 migratzailek Europara heltzea lortu dute hiru ibilbide nagusi horietatik, % 35 gutxiago 2018ko epe berdinarekin alderatuta.