Gizartea -

Florida

Betiko kartzela-zigorra Pablo Ibarrentzat

Honenbestez, herri-epaimahaiak ez du zinpeko guztien adostasuna lortu, Ibarri heriotza-zigorra ezartzeko. Nolanahi ere, defentsak helegitea aurkeztuko du Floridako Apelazio Auzitegiaren aurrean.

Pablo Ibar asteazken honetako saioan. Argazkia: EFE
Pablo Ibar asteazken honetako saioan.
Bizi osorako kartzelaldia ezarri diote Pablo Ibarri

1:49

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaimahaiak betiko kartzela ezarri dio Pablo Ibarri, euskal jatorria duen estatubatuarrari. Ibar errudun jo zuten Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rogersen hilketa, lapurreta eta armak erabiliz egindako lapurretengatik. Honenbestez, herri-epaimahaiak ez du zinpeko guztien adostasuna lortu, Ibarri heriotza-zigorra ezartzeko.

Ibarren familiak pozez hartu du albistea, bi aukeren artean onena zela iritzita. Ezin dute bere askatasuna ospatu, baina bizirik jarraituko du. "Hemendik garaile ateratzen garen lehen aldia da", esan du Candido Ibar, Pabloren aitak. "Epaiketa ez zen ongi atera, errudun jo zuten, baina behintzat epaia aldekoa da. Behintzat ez da heriotza zigorra", esan du pozari eutsi ezinik.

"Hau ez da guk hasieran nahi genuena, baina behintzat bizitza da eta hori ospatu beharrekoa da, pozik egotekoa", adierazi du malko artean Tanya Ibar emazteak. Pozik mintzatu da, besteak beste, ez duelako berriro heriotza korridorera itzuli beharko eta ez dituelako 7 eta 12 urteko semeak goi segurtasuneko kartzela batera eraman beharko.

Izan ere, epaiketa errepikatuta ere, Pablo Ibar ez dute inoiz heriotza zigorrera kondenatuko.¿

Nola aldatuko da Pablo Ibarren betiko kartzela-zigorraren ostean? Epe laburrean, astebetean edo, Pablo Ibar beste espetxe batera lekualdatuko dute eta haren senideak bisitatzera joan ahal izango dira. Azken hiru urteetan, pantaila baten bidez soilik ikusi ahal izan dute, eta aurrerantzean elkar besarkatu ahal izango dute. Beraz, espetxe barruko haren bizi baldintzak nabarmen hobetuko dira.

Joe Nascimento Pablo Ibarren abokatuetako batek aurreratu duenez, ahal bezain laster helegitea aurkeztuko dute epaiketa berriro egitea eskatzeko. "Gaur ospatzen ari gara, baina hutsune bat daukagu betiko kartzela jarri diotelako". Abokatuaren iritziz, hasierako eskaria atzera botako dute eta horren ondotik apelazioaren bidea hasiko da, urteak iraungo dituena. Hain zuzen ere, 6 urte iraun dezake.

Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako elkarteko bozeramailea pozik mintzatu da heriotza zigorrari iskin egitea lortu dutelako. Haren hitzetan, "neurri batean albiste ona da heriotza zigorraren arriskuari aurre egin behar izango ez diolako".

Ohar batean, Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako elkarteak sententziaren balorazioa egin du. Hasteko eta behin, ez du ulertzen epaileak epaiketa baliogabetu ez izana, "Bere azken argudioetan, Fiskaltzak marra gainditu zuen, nabarmen, urtarrilaren 16an. Halaber, ez du ulertzen epaileak epaiketa ez ezeztatzea, epaimahaikide batek, epaia ezagutu eta hurrengo lanegunean, bere erabakian atzera egin nahi zuela iragarri arren, presioak eta jazarpena salatuta. Epaileak orduan kide hori kanporatzea erabaki zuen. Hori dela eta, bigarrenik, ez du urtarrilaren 19ko epaia onartzen: "Epai horrek ez dio erantzuten (epaiketan) ikusitakoari, entzundakoari eta argumentatutakoari". Hirugarrenik, berrantolaketarako tarte txiki baten ondotik, apelazioa aurkezteko lanean hasiko dela zehaztu du.

Ordu eta erdiz batzartuta egon ostean, Fort Lauderdaleko epaitegietako epaimahaiak hartu du erabakia heriotza zigorra eta betiko zigorraren artean, urtarrilaren 19an ezagutarazi zuten erabakiaren ostean, defentsak uste zuenaren aurka. Hori izan zen Ibarren aurka egindako bigarren epaiketa. Lehenengoa (heriotza zigorra ezarri zioten) defentsak baliogabe uztea lortu zuen.

Ondorioak aurkeztu dituzte ahozko saioaren azken saioan

Ahozko azken saioan, aldeek azken ondorioak aurkeztu dituzte, eta Fiskaltzak heriotza-zigorra eskatu du beste behin ere. Ministerio publikoaren ordezkariak bere azken alegatuan ziurtatu duenez, Pablo Ibar ez da haren familiak deskribatutako "gizon ona", "hiltzaile bat" baizik.

Gainera, Miramarreko hilketa hirukoitzaren bideoa ikustea eskatu du berriro. "Amesgaiztoaren lekukoak zarete. Hiru pertsona horien bizitzarekin amaitu zuten 22 minutuak", adierazi du fiskalak herri-epaimahaiaren aurrean.

Auzipetuaren abokatuak, ostera, Pablo Ibarri heriotza-zigorrik ezarri behar ez ziotela konbentzitzen saiatu dira. Horretarako, Ibarren eta familiaren arteko "loturak" eta haren heriotzak suposatuko lukeena azpimarratu dute.

Ondoren, zinpekoak eztabaidatzera joan dira. Atsedenaldiaren ondotik, aldeak berriz deitu dituzte, eta herri-epaimahaiko koordinatzaileak betiko kartzela-zigorraren berri eman du.

Nolanahi ere, 25 urteko prozesuari ez dio amaierarik emango asteazken honetako epaiak; izan ere, defentsak helegitea aurkeztuko du Floridako Laugarren Barrutiko Apelazio Auzitegiaren aurrean. Ibarren abokatuen hitzetan, "froga sobera dute" zigorra baliogabetzeko eta epaiketa berri bat eskatzeko; bosgarrena litzateke.

Andre Krakenberger Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako Elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, ahozko epaiketa hau "irregulartasunez josita" dago. Horregatik, berriro baliogabetzeko itxaropenak dituzte.

Hala ere, apelazio helegitearen prozesu berria sei urtez luzatzea litekeena da, eta ahozko epaiketa berriz errepikatzea beste bi urte.

Ibarren aurkako ebazpenaren fasean hiru saio egin dituzte, eta horietan defentsak eta Fiskaltzak proposatutako lekukoek testigantza eman dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak