Gizartea -
Tragedia Mediterraneoan
Gutxienez 70 pertsona migratzaile hil dira Tunisiako kostaldearen aurrean
Ontzi pneumatikoa jitoan ikusi dute bertako arrantza-ontziek nazioarteko uretan, Sfax hiritik 40 bat miliara (Tunisiako hiriburu ekonomikoa).
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 70 pertsona hil dira, Libiako kostaldetik Europara heltzeko erabiltzen ari ziren ontzia hondoratuta, TAP Tunisiako albiste-agentziak gaur jakitera eman duenez.
Iturriaren arabera, ontzi pneumatikoa jitoan ikusi dute bertako arrantza-ontziek nazioarteko uretan, Sfax hiritik 40 bat miliara (Tunisiako hiriburu ekonomikoa).
Arrantzaleek Tunisiako Itsas Armadari abisua eman diote. Bertaratu eta beste 16 pertsona bizirik erreskatatu dituzte; horietako gehienak Saharaz hegoaldeko herritarrak dira, eta ospitalera eraman behar izan dituzte.
Gerra
Apirila bukaeran, Youssef Chahed Tunisiako lehen ministroak kezka azaldu zuen, Libiatik gero eta etorkin gehiago heltzen ari zirelako. Libia 2011z geroztik gerra zibilean murgilduta dago.
"2011ko esperientzia errepikatzeko beldur gara, errefuxiatuak Tunisiara helduta", adierazi zuen gobernuburuak. Tripolin, NBEk aitortutako Gobernuaren eta Jalifa Hafter mariskalaren arteko borrokak errepikatu dira azken hilabetean.
Mariskalak gobernu propioa du Tobruken. Hafterrek Libiako hiriburuaren setioa apirilaren 4an hasi zuen, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia Tripoli bisitatzen ari zenean.
Hiru asteko borrokaldietan 550 pertsona baino gehiago hil eta beste 2.000 inguru zauritu dira, eta 30.000 baino gehiagok alde egin behar izan dute, Munduko Osasun Erakundearen arabera.
Drama
Tripoli hegoaldeko atxiloketa zentroetan pilaturik dauden milaka migratzaile erdian harrapatu dituzte borrokek. Hiriaren iparraldeko toki seguruagoetara eramateko saiakeran ari dira.
Tripoliren eta Tunisiako mugaren artean dauden hondartzak mafien gotorleku nagusiak bihurtu dira azken bi urteetan, nahiz eta Europako patruilariak zonaldean izan.
Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, 113.000 migratzaile baino gehiagok Mediterraneoa zeharkatu eta Europako kostaldera heltzea lortu zuten 2018an, hiru ibilbide erabilita (Italia, Espainia eta Grezia).