Gizartea -
ASTRONOMIA
Apirilaren 22tik 23rako gauean ikusiko dira ondoen 2019an Liridak
Halere, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalaren arabera, aurtengoa ez da urte ona izango udaberriko meteoro-zaparrada hau ikusteko.
EITB.EUS
Urteko izar-jasa ezagunenetakoak dira Liridak, eta Thatcher kometak utzitako arrastoek eragiten dute ikuskizuna. Urtero, apirilaren erdialdera, Lira konstelaziotik iristen da meteoro iheskorren zaparrada.
Aurten, apirilaren 16an hasiko da izar-jasa eta hilaren 28ra arte iraungo du, baina hilaren 22tik 23rako gauean ikusiko da ondoen zaparrada, intentsitate maila handienarekin.
Espainiako Institutu Geografiko Nazionalaren arabera, aurtengoa ez da urte ona izango Liridak ikusteko. Ilargi betea egongo da apirilaren 19an, eta horrek zaildu egingo du meteoro-zaparrada garbi ikustea.
Aurreikustea zaila bada ere, orduko, gutxi gorabehera, 20 bat izar iheskor ikusteko aukera izango da, adituen ustez. Aurreko urteetako izar-jasekin alderatuta, beraz, ez da oso ikusgarria izango, orduko 100 meteoro ere ikusi baitira aurreko urte batzuetan.
Urtero ikus daitekeen fenomenoa da. Sasoi honetan, Thatcher kometak utzitako hautsak zeharkatzen du Lurra. Meteoro txiki horiek abiadura handian sartzen dira atmosferan, eta, ondorioz, izar iheskorrak sortzen dira.