Gizartea -

zIENTZIA

Zulo beltz baten lehen irudia aurkeztu dute zientzialariek

Zientzialariak aspalditik saiatzen ari ziren zulo beltz baten irudia lortzen, existitzen direla frogatu ahal izateko.

Primera imagen de un agujero negro. Fuente: Telescopio del Horizonte de Sucesos (EHT)
Primera imagen de un agujero negro. Fuente: Telescopio del Horizonte de Sucesos (EHT)
Zulo beltz baten lehen irudia ezagutzera eman dute zientzialariek

0:47

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Event Horizon Telescope proiektuak zulo beltz baten lehen irudia aurkeztu du asteazken honetan. Hain zuzen ere, Mesier 87 galaxiaren erdigunean dagoen batena. 55 milioi argi urtera dago.

"Argazkiaren ezaugarriek bat egiten dute teoriarekin", aitortu dute zientzialariek, nazioarteko aurkezpenean.

Irudia eraztun distiratsu bat da, gorri kolorekoa. Zulo beltzaren inguruan dagoen grabitate indartsuak “tolestutako” argia da ikus daitekeena.

Zientzialariek luze zeramaten zulo beltz baten irudia lortzen saiatzen, existitu egiten direla frogatu ahal izateko. Orain, beraz, bide berria ireki da zientzian, zuloon eta grabitatearen ikerketarako.

Zulo beltzak objektu kosmiko ezohikoak dira. Euren masak erraldoiak dira, baina tamainak, aldiz, oso konpaktuak dira. Euren ingurua, gainera, deformatuta dago, zuloak eragin zuzena baitu espazio-denboran.

"Erregio distiratsu batean murgilduz gero, gasezko disko distiratsu batean, esaterako, zulo beltz batek itzal baten moduko erregio bat sortuko duela uste dugu, Einsteinen erlatibitatearen teoriak aurreikusi zuen bezala, baina inoiz ikusi ez duguna”, azaldu du Heino Falcke Event Horizon Telescope proiektuaren kontseilu zientifikoko presidenteak.

“Itzala inklinazio grabitazionalak eta horizonteko argiak sortzen dute. Itzal horrek M87 zulo beltzaren masaren tamaina neurtzea ahalbidetu digu”, erants du.

Kalibraketa eta irudi metodo anitzen bidez, erdigune beltza duen eraztun itxurako egitura antzeman dute. Zulo beltzaren itzalaren hainbat behaketa independente egin ditu zientzialari taldeak.

“Zulo beltzaren itzalari argazkia atera geniola egiaztatu genuenean, gure behaketak eredu informatikoekin alderatu genituen. Irudiaren ezaugarriak eta gure teoriak bat datozela ikusi dugu”, adierazi du Paul T.P. Ho ikertzaileak eta Event Horizon Telescope proiektuko batzordeko kideak eta East Asian behatokiko zuzendariak.

“Egindako behaketatik ateratako ondorioak, tartean zulo beltzaren masari buruzkoak, zuzenak direla pentsatzeko moduan gaude orain”, erantsi du.

Lurraren tamainako teleskopio birtuala

Event Horizon Telescope zulo beltzaren irudiak hartzeko diseinatutako teleskopio berezia da. Munduko teleskopioak konektatzen ditu eta, hala, Lurraren tamainako teleskopio birtuala bilakatzen da, aurrekaririk gabeko bereizmeneko irudiak hartzeko gaitasuna duelarik.

Teleskopio hori nazioarteko elkarlanaren ondorioa da. Unibertsoaren muturrean dauden objektuak ikertzeko aukera eskaintzen die zientzialariei.

Event Horizon teleskopioa eraikitzeko munduko zortzi teleskopio eguneratzea eta elkarri konektatzea ezinbestekoa izan zen. Teleskopio horiek Hawaiin, Mexikon, Estatu Batuetan (Arizona), Espainian (Sierra Nevada), Txilen (Atacama basamortua), Groenlandian eta Antartidan daude.

Event Horizon teleskopioak interferometria izeneko teknika bat erabiltzen du behaketak egiteko. Munduko instalazio ezberdinetan dauden teleskopioak sinkronizatzen ditu eta, gure planetaren biraketa baliatuta, Lurraren tamainako teleskopio bilakatzen da.

Interferometriari esker, 20 mikroarkusegundoko bereizmena lortzen du. Hau da, Parisko kafetegi batetik New Yorken dagoen egunkari bat irakurtzeko aukera ematen du.

Hau guztia ahalbidetu duten teleskopioak hauek dira: ALMA, APEX, IRAM, James Clerk Maxwell, Large Millimeter Telescope Alfonso Serrano, Subilmillimeter Array, Subillimeter Telescope eta South Pole Telescope.

Teleskopio bakoitzak jasotako informazioa prozesatzeko goi-mailako super-konputagailuak erabili zituzten.

Zientzialari donostiar bat, aurkikuntzaren atzean

Zulo beltz baten lehen argazkia lortu duen nazioarteko zientzialarien artean Antxon Alberdi donostiarra dago. Andaluziako Astrofisika Institutuko zuzendaria da Alberdi.

Ezagutza zientifikoari dagokionez, lorpen "izugarria" izan dela azpimarratu du.

"Liburuetan eta entziklopedietan idatzita geratuko da hau", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Gertaera astronomikoak Unibertsoa gaur