Gizartea -

CABACAS AUZIA

'Estaltze' delituagatik 6 ertzaini deklarazioa hartzea eskatu du Cabacasen defentsak

Cabacas familiak idatzi bat aurkeztu du Bizkaiko Lurralde Auzitegian, sei ertzain deklaratzera deitu ditzala eskatzeko (Jorge Aldekoa tartean) eta, deliturik ikusiz gero, aparteko auzi bat zabaltzeko.

Fina Liceranzu, Jone Goirizelaia eta Manu Cabacas. Artxiboko argazkia: EFE
Fina Liceranzu, Jone Goirizelaia eta Manu Cabacas
Fina Liceranzu, Jone Goirizelaia eta Manu Cabacas. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Cabacas familiaren defentsak idatzi bat aurkeztu zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegian iragan astean, sei ertzain deklaratzera deitu —Jorge Aldekoa eta "Ugarteko" tartean— ditzala eskatzeko, "estaltze" delitua eta zuhurtziagabekeria larriko hilketa delituak egin zitzaketelakoan. Halaber, oraindik identifikatu gabeko zazpigarren ertzain baten identitatea argitzen laguntzeko galdegin dio. Deliturik egon zela ebatziz gero, auzi berri bat zabaltzea ere eskatzen du familiak.

Joan den astean erregistratutako idatzian, epaia berrikusteko eskaera egin dio akusazio partikularrak auzitegiari.

Ekinbide judizial hori abiatzeko Bizkaiko Lurralde Auzitegiak azaroan emandako epaian oinarritu da Jone Goirizelaia abokatua. Epaian, Ertzaintzak egindako "ikerketa eskasa" deitoratu zuen epaimahaiak. Horrek instrukzio fasean "zailtasunak" eta auzipetze fasean "gabeziak" sortu zituela ondorioztatu zuen. Besteak beste, hilketa gertatu zen tokia ez babestea eta operazioan erabilitako arma guztiak ez jasotzea faltan bota zuen.

"Horrekin pilotarekin tiro egin zuten guztiak epaiketara ekartzea edo tiro hilgarria nork egin zuen zehaztea posible zen", nabarmendu zuen.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zion azaroan 'Cabacas' auzian nahastutako Juan Jose de Pablo ertzainari. Gainerako bost agenteak absolbitu egin zituen epaileak. Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada batek buruan jo ostean hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea 2012ko apirilean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Iñigo Cabacas auzia Bilboko albisteak Basauri Ertzaintza Delituak Epaiketak albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa