Gizartea -

Migrazioa

Ia 400 migratzaile iritsi dira Andaluziako kostaldera igande honetan

Abenduaren 9ko arratsaldera arte, 387 lagun heldu dira bertako itsasaldera, hain zuzen ere.

Ia 400 lagun iritsi dira igandean Andaluziako kostaldera. Argazkia: EFE.
Ia 400 lagun iritsi dira igandean Andaluziako kostaldera. Argazkia: EFE.
Ia 400 lagun iritsi dira igandean Andaluziako kostaldera. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotako ildoari jarraituta, igande honetan, berriro ere, ehunka migratzaile iritsi dira Andaluziako kostaldera; hain zuzen ere, 387 lagun heldu dira, euren kabuz edo ontziren batean, Malaga, Motril, Herradura edo Cadizko portuetara.

Espediziorik handiena goizean heldu da Malagako portura, Itsas Salbamenduaren SAR Mastelero ontzian; izan ere, larunbat honetan, Alborango itsasoan, lau pateratan zihoazen lagunak erreskatatu zituzten.

Malagako portura iritsi direnean, Gurutze Gorriak espedizioan zeuden 199 gizonak, 37 emakumeak eta 5 adingabeak artatu ditu; gerora, gizonak San Roquera eraman dituzte, Cadizera, Espainiako Gobernuak Malagan duen Ordezkariordetzak jakitera eman duenez.

Itsas Salbamenduak beste 90 migratzaile ere erreskatatu ditu (horietako 53 Saharaz hegoaldekoak dira, eta 37 Magrebekoak), bi pateratan, Alborango itsasoan; osasunez ondo heldu dira Motrilgo portura (Granada).

Salvamar Spica ontziak salbatutako migratzaileak Gurutze Gorriak artatu ditu. Ez dute aparteko zainketarik behar izan, baina emakume bati probak egin dizkiote, haurdun dagoen ala ez baieztatzeko.

Itsas Salbamenduak, halaber, patera batean zihoazen 22 lagunak erreskatatu ditu, eta 05:00ak aldera heldu dira Almeriako portura eta bertan lehorreratu dituzte.

Lau atxilotu, Herraduran (Granada)

Guardia Zibilak 14-15 urteko lau adingabe magrebtar atxilotu ditu, Granadako Herradura hondartzara patera batean heldu ondoren.

Adingabeek esan dute Marokoko iparraldeko hondartza batetik irten zirela, eta bi egun eman dituztela hiru metroko luzera zuen ontzi batean. 15 zaldiko motorra zuen.

Cadizera patera gutxi heltzen dira normalean, baina igande honetan 30 bat migratzaile zeramatzan ontzi bat iritsi da Santa Maria del Mar hondartzara.

Migratzaileak magrebtarrak dira, eta adingabe bat eta emakume batzuk zihoazen horien artean.

Patera hondartzara heldu bezain laster, arineketan irten dira guztiak. Gerora, Cadizko Udaltzaingoak sei lagun atxilotu ditu, ontzitik ustez motor bat, bost gasolina-bidoi eta zazpi txaleko lapurtzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Migrazioaren albisteak Espainia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea