Gizartea -

Trafiko Zuzendaritza

Patineteek ezingo dute espaloitik joan eta 25 km/h-ko abiadura gainditu

Trafiko Zuzendaritzaren asmoa da patineteen erabiltzaileei gidatzeko baimenik ez eskatzea, baina alkohol eta droga probak egitea, gainerako gidariei bezala.

Gizon bat patinete elektrikoan, Gasteizen. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Patineteek ezingo dute espaloitik joan
Gizon bat patinete elektrikoan, Gasteizen. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak errege-dekretua onartu nahi du, patinete elektrikoek espaloitik ibiltzeko baimenik izan ez dezaten, eta gehienez orduko 25 kilometroko abiaduran joan daitezen.

Trafikoko iturrien arabera, patineteen erabilera arautuko duen oinarrizko araudia adostuko dute aurki. Behin hori eginda, udalek araudi horren berri jasoko dute, lege berrietara egokitu ahal izateko.

Horrela, Trafiko Zuzendaritzak patineteen erabiltzaileei gidatzeko baimenik ez eskatzea lortu nahi du, baina alkohol eta droga probak egin ahal izatea, gainerako gidariei bezala.

Izan ere, atzo bertan 92 urteko adineko emakume bat hil zen Esplugues de Llobregaten (Bartzelona), abuztuan patinete batek harrapatu ostean.

Pere Navarro Trafiko zuzendari nagusiak orain hilabete inguru aurreratu zuen patinete elektrikoen erabilera arautuko zuela, hainbat udalek "babes juridikoa" eskatu ziotelako. Navarrok orduan esan zuenez, arauak "oso oinarrizkoak" izango dira.

Bestalde, 2016an Trafiko Zuzendaritzak "mugikortasun pertsonalarekin" lotutako ibilgailuei buruzko jarraibideak eman zituen, eta, besteak beste, patineteak motordun garraiobideekin parekatu ezin zituztela ondorioztatu zuten.

Hortik abiatuta, motorrik gabeko ibilgailuak horretarako propio prestatutako bideetan ibil zitezkeela argitu zuten, baina udalen esku utzi zuten espaloietan, oinezkoentzako lekuetan eta parkeetan horien zirkulazioa baimentzea ala debekatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Patineteak gaur