Gizartea -
FLORIDA
Hasi da Pablo Ibarren kontrako bigarren epaiketa, Floridan
Litekeena da epaiketa 2019ko urtarrilera arte luzatzea. Fiskaltzak heriotza-zigorra eskatuko du berriro Pablo Ibarrentzat.
EITB.EUS
Gaur hasi da Pablo Ibarren kontrako ahozko epaiketa, Floridan. Euskal jatorriko 46 urteko gizona akusatuen aulkian eseriko da bigarrenez.
Pablo Ibarrek 24 urte daramatza espetxean (horietatik 16 heriotzaren korridorean igaro zituen), 1994an hiru pertsona hiltzea egotzita. Floridako Fiskaltzak heriotza-zigorra eskatzen du berarentzat.
Lehendabiziko saioa hasi aurretik, epaimahaiko hamabi kideek juramentua egin dute eta ondoren Dennis Bailey epaileak hitza hartu du, Ibarri leporatzen zaizkion delituak zeintzuk diren azaltzeko eta epaiketari buruzko datu teknikoak emateko. Luze joko duela eta lekuko ugari izango direla azpimarratu du.
Epaitegia jendez bete da. Ibar trajez jantzita eta eskuburdinak jarrita iritsi da aretora. Barruan eskuburdinak kendu dizkiote eta bere abokatuen ondoan eseri da.
Fiskalak DNAn espezializatutako bederatzi peritu deitu ditu deklaratzera, Pablo Ibar hilketa gertatu zen egun eta tokian kokatzeko.
1994an Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rogers hiltzea leporatzen badiote ere, hasiera-hasieratik errugabea dela esan du. Senide eta lagunak itxaropenez beteta daude.
Aurreikuspenen arabera, ahozko epaiketa 2019ko urtarrilera arte luzatuko da.
Talde politikoen babesa
Bestalde, Diputatuen Kongresuko eta Senatuko ordezkaritza bat epaiketaren hasieran izan dira.
Hauek dira Estatu Batuetara joandako senatari eta diputatuak: Maria Rosa Vindel Lopez senataria (Talde Popularra), Maria Jose Fernandez Muñoz senataria (Talde Sozialista), Joan Comorera Estarellas senataria (Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea), Jordi Martí Deulofeu (ERC), Jose María Cazalis Eiguren (EAJ), Josep Lluis Cleries i Gonzalez senataria (Talde Nazionalista), Jon Iñarritu Garcia senataria (Talde Mixtoa), Alfonso Cuenca Miranda Kongresuko abokatua eta Rosa Orozco Santiago idazkaria.
Diputatuen Kongresuaren izenean, Francisco Molinero Hoyos Justizia Batzordeko lehen presidenteordea eta Isabel Revuelta de Rojas batzordeko abokatua.
Halaber, Jack Tuter epailearekin elkartuko dira eta, ondoren, Pablo Ibarri bisita egingo diote espetxean.