Gizartea -
'Nature Geosciences'
Martek bizia hartzeko oxigeno nahikoa izan dezakeela uste du ikerketa batek
Marteko azaletik gertu mikrobio aerobikoek arnas egin ahal izateko oxigeno (O2) nahikoa egon daitekeela ondorioztatu du ikerketak.
Agentziak | Erredakzioa
Marteko azaletik gertu mikrobio aerobikoek arnas egin ahal izateko oxigeno (O2) nahikoa egon daitekeela ondorioztatu du ikerketa batek. Planeta Gorriak bizia har dezakeela esan nahiko luke horrek.
Kaliforniako Teknologia Institutuaren (Pasadena) eta Harvard Unibertsitatearen (Cambridge) laborategi bateko zientzialariek egin dute ikerketa. Azterketa Nature Geosciences aldizkarian argitaratu dute.
Teorian, atmosferan dagoen oxigeno gabeziagatik, arnas aerobikoari eusteko O2 kontzentrazio nahikorik sortzeko gaitasunik ez du Martek, baina Vlada Stamenkovic, Michael Mischna, Lewis M. Ward eta Woodward W. Fischerren ikerketaren arabera, O2a gatzunetan disolbatzeko marko termodinamikoa du Planeta Gorriak bere azalean.
Udan, Europako Espazio Agentziaren (ESA) Mars Expressek ur likido putzu bat aurkitu zuen izotz eta hauts geruzen azpian, Marteren hegoaldeko eskualde polarrean.
Espazio-ontziaren aurreneko emaitzek Planeta Gorriaren poloetan ura (egoera solidoan; izotza) zegoela antzeman zuten. Izotza hauts geruzen artean dago. Uztailaren 25ean, ESAk ez zuen ur likidoa izateko aukera baztertu. Era berean, gatzen presentziaren berri eman zuen.
Eskualde polarretan disolbatutako O2 kontzentrazio altuak giro likidoetan izan daitezkeela ebatzi du ikerketa berriak, tenperatura baxuek oxigenoa gatzunetan izatea lagundu dezaketelako.