Gizartea -
astronomia
'Garezur' asteroidea Lurrera hurbilduko da Halloweenen
Espazioko harri hori "garezur baten antza handia" duen hildako kometa bat da; hala ere, ez da mehatxua Lurrerako.
Agentziak | Erredakzioa
Astronomiaren zaleak urduri daude Halloween aldera garezur baten antz handia duen asteroidea hurbilduko baita Lurrera.
"Begi gisa har litezkeen bi sakonune ditu", azaldu du Ruediger Jehn Darmstadt (Alemania) hiriko Europako Operazio Espazialetarako Zentroko kideak; hala ere, "irudimen handia dago kontu horretan", gaineratu du.
NASAk 2015ean atzeman zuen asteroidea lehen aldiz, Lurretik 500.000 kilometrora igaro zenean. Hildako kometa bat izan zitekeela esan zuten orduan, eta "garezur baten antz handia zuela" adierazi zuten.
'2015 TB145' izenarekin ezaguna den asteroideak 600 metroko diametroa dauka eta bere bi sakonuneek 100 metroko zabalera dute bakoitzak; hala ere, ez da mehatxua Lurrerako.
Argazkia: www.nasa.gov
Oraingo honetan, 40 milioi kilometrora igaroko da, adituen esanetan, eta argi-puntu txiki gisa ikusiko da potentzia handiko teleskopioetan.
Azaroaren 7an izango da garezurraren asteroidea Lurretik hurbilen, Sven Melchert Alemaniako astronomiaren zaleen elkarteko zuzendariaren hitzetan.
Asteroidea lehen aldiz detektatu zuen Hawaiiko Zaintza Panoramikorako Teleskopioak eta Erantzun Arineko Sistemak Lurretik gertu dauden 100 bat objektu inguru aurkitzen ditu hilero espazioan.