Gizartea -
Epaiketaren atarian
Cabacasen heriotzaren epaiketan 'erantzuleek pribilegiorik ez izatea' eskatu dute
Euskal gizarteko ehun pertsona inguruk "egiaren aitortza, justizia, familiak kalte ordaina jasotzea eta gertatutakoa berriro ez errepikatzeko bermea" eskatu dute manifestu batean.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 15ean hasiko da Iñigo Cabacas Athleticeko zalearen heriotza argitzeko ahozko epaiketa, eta euskal gizarteko ehun pertsona inguruk "justizia egitea" eskatu dute larunbat honetan, Bilboko Kafe Antzokian irakurri duten manifestu batean. "Erantzuleek inolako pribilegiorik ez izatea" eskatu dute.
Iñigo Cabacas 2012ko apirilean hil zen, egun batzuk lehenago Athleticek San Mamesen jokatu zuen partida baten ostean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada batek buruan jota.
Epaiketaren atarian Cabacasen senide eta lagunei babesa agertzeko kaleratu duten testuan adierazi dutenez, "Athleticen garaipena kalean ospatzen ari zela hil zuten" gaztea.
"Gertatutakoa argitu eta erantzuleak nortzuk izan ziren jakiteko ikerketa erraztu beharrean trabak besterik ez dizkiete jarri gaztearen hilketa salatu dutenei. Era berean, behin eta berriro erantzuleak babesten saiatu dira", salatu dute.
Gauzak horrela, "egiaren aitortza, justizia, familiak kalte ordaina jasotzea eta gertatutakoa berriro ez errepikatzeko bermea" eskatu dute manifestuaren sinatzaileek.
Euskal gizarteko ehun pertsona inguruk sinatu dute testua, tartean, kazetariak, kirolariak, sukaldariak, idazleak eta aktoreak.