Gizartea -
Mortadelarekin
Trumpen inguruko azal grafikorik onena egin du Asier Sanz bilbotarrak
Sanzen irudia 'Fake Views? The Donald Trump Book Covers' liburuaren azalean agertzen da. Ben Arogundade Erresuma Batuko idazleak argitaratu berri du.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen munduko azalik onena egin du Asier Sanz irudigile eta umorista grafiko bilbotarrak.
Sanzen irudia Fake Views? The Donald Trump Book Covers liburuaren azalean agertzen da. Ben Arogundade Erresuma Batuko idazleak argitaratu berri du. Liburuak 240 orrialde ditu, eta Trumpen inguruko lehen orrialde onenak biltzen ditu. Besteak beste, Time, The New Yorker, Rolling Stone, Esquire, The New York Times, The Economist eta Der Spiegel komunikabideen lanak jasotzen ditu.
Umorista grafiko bilbotarraren lanak Trumpen aurpegia 'collage' baten bidez irudikatzen du, mortadelarekin, banana batekin, txorizoarekin eta kartoi mehearekin. Arogundade liburuaren egileak munduko lanik “originalena” dela uste du.
Tapas aldizkariak argitaratu zuen irudia 2017ko maiatzean, eta sare sozialetan berehala zabaldu zen. Horrela, milioi bat bisita baino gehiago izan zituen.
Asier Sanzek (Bilbo, 1969) 28 urte daramatza Athleticen inguruko tira bat Deia egunkarian argitaratzen. Bere lan grafikoek Luigi Mari Karikatura Saria eta Publikoaren Saria XXIX. Biennale Internazionale dell'Umorismo nell Arte (Italia) irabazi dituzte.