Gizartea -
AUZITEGIAK
Udazken beroa euskal auzitegietan, Cabacas, Alicia eta hainbat kasu ezagun tarteko
'De Miguel' eta 'Margüello' ustezko ustelkeria sareen inguruko epaiketak ere izango dira datozen asteetan, baita Leioako Gaztelueta ikastetxean ustez izandako sexu-abusuen inguruko auzia ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal auzitegiak buru-belarri hasiko dira lanean datozen asteetan, udako etenaren ostean. Azken urteetako hainbat kasu ezagun ebatzi beharko dituzte: 2016an Gasteizen Alicia izeneko 17 hilabeteko haurraren hilketa izango da lehena, eta "De Miguel" kasuko 26 auzipetu hartuko ditu Arabako Auzitegiak gero; Bizkaikoan, Iñigo Cabacas Athleticeko zalearen hilketa epaituko dute.
Irailerako eta urrirako data jarrita duten kasuen artean, Leioako Gaztelueta ikastetxean ustez izandako sexu-abusuen inguruko auzia dago, eta tarte horretan aterako da "Margüello" kasuaren epaia ere. Osakidetzako hiru goi kargudun daude inputatuta, ustez kontratu irregularrak egiteagatik.
Irailaren 4an ekingo diote Aliciaren hilketaren epaiari Arabako Auzitegian, eta hilaren 12ra arte iraungo du. 2016ko urtarrilaren 25ean hil zuten umea, Gasteizko pisu bateko leihotik behera botata. Ustezko hiltzailea orduan 30 urte zituen musika irakasle bat da. Fiskaltzak 25 eta 35 urte artean eskatuko ditu berarentzat, eta 9 urte umearen ama, Burgosen bizi zen 18 urteko neska bat, hiltzen saiatzeagatik.
Egun batzuk geroago hasiko da "De Miguel" kasua, irailaren 17an. Euskadin ustezko ustelkeria sare batekin lotuta inoiz egin den makroprozesu handiena da, eta 26 inputatu daude. Alfredo de Miguel Arabako EAJren "bigarrena" izandakoari legez kanpoko komisioak kobratzeko sarearen arduradun nagusia izatea egozten diote. Akusatu guztiek deklaratuko dute, eta azaroaren amaierara arte iraungo du prozesuak.
Urriaren 4an, berriz, Leioako Gaztelueta ikastetxeko irakasle bat epaituko dute Bizkaiko Auzitegian, 12 urteko ikasle bati urtebetez ustez sexu-abusuak egitea leporatuta.
Ikasle horrek 18 urte betetakoan, eta irakaslea Opus Deiren ikastetxe hartatik alde eginda zegoenean, aurkeztu zuten biktimaren gurasoek salaketa. Fiskaltzak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu du, irakasleak bere egoeraz baliatuta denboran zehar sexu-abusuak egin izana egotzita. Familiaren abokatuak, berriz, 10 urteko espetxealdia eskatu du. Epaiketa urriaren 11ra arte egingo dute.
Handik gutxira, urriaren 15ean, Iñigo Cabacas Athleticeko zalearen heriotza argitzeko epaiketa abiatuko dute. Cabacas 2012ko apirilaren 5ean hil zen, Ertzaintzak botatako pilotakada batek egindako zaurien ondorioz. Epaituko dituzten sei ertzainek ez zutela deliturik egin uste du Fiskaltzak; ondorioz, horiek absolbitzeko eskatuko du. Hildako gaztearen familiaren ustez, ordea, lanbide-zabarkeriaren ondorioz homizidioa eragin zuten (4 urte arteko espetxe zigorra eta 6 urte arteko gaitasungabetzea ezar diezaiekete, errudun joz gero).
Datozen hilabeteetan, beste hainbat epaiketa ere izango dira, Getariako Balentziaga Museoaren eraikuntzan izandako ustezko irregulartasunak eta Arabako Iruña-Veleiako aztarnategian izandako ustezko iruzurra argitzekoak, tartean.