Gizartea -

Migrazioa

Espainiak Ceutako hesia asteazkenean gainditu zuten 117 migratzaileak kanporatu ditu

Marokorekin 1992an sinatu zuten eta orain arte erabili ez den akordio batean oinarritu du Espainiako Gobernuak erabaki hori.

Guztira, 117 lagun sartu ziren Espainian, asteazkenean. Argazkia: EiTB.
Guztira, 117 lagun sartu ziren Espainian, asteazkenean. Argazkia: EiTB.
Ceutara sartu ziren 116 migratzaileak Marokora itzularazi ditu Espainiak

0:59

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Marokora bidali ditu jada asteazkenean Ceutako hesia gainditu zuten Saharaz hegoaldeko 117 migratzaileak. Horretarako, Espainiak eta Marokok 1992an sinatu zuten akordioa baliatu dute, herrialde horien arteko mugetatik Espainiara modu irregularrean sartzen diren atzerritarrak kanporatzeko aukera jasotzen zuena.

Hala baieztatu diote Europa Pressi Espainiako Barne Ministerioko iturriek, eta hitzarmen hori "berrabiatu" egin dutela nabarmendu dute, baina ez dute argitu Ceutan eta Melillan Espainiaren eta Marokoren arteko muga gainditzen duten pertsona guztiei aplikatuko dieten.

"Marokoren borondatearen arabera izango da, horiek berriz onartzeko prest badago, aldebiko akordioa baita", adierazi dute iturri horiek, baina gaur egun bi herrialde horien arteko harremanak "onak" direla gaineratu dute.

Fernando Grande-Marlaskak zuzentzen duen Espainiako Barne Ministeriotik esan dutenez, oraingoan Marokok onartu egin du 117 migratzaileak berriz onartzeko eskaera, baina hitzarmena "aurretik" ere erabili dutela azpimarratu dute.

Bi herrialdeen artean "ezarritako lankidetza"

Pertsonen zirkulazioa eta legez kanpo sartutako atzerritarren joan-etorria eta berriro onartzea arautu zuen ituna bi herrialdeen artean lankidetzarako ezarritako esparruaren baitan sinatu zuten. Horren 1. artikuluan jasotakoaren arabera, "Espainiako mugako agintariek modu formalean eskatuz gero", Marokoko mugako agintariek berriz onartuko dituzte euren lurraldean Marokotik Espainiara legez kanpo sartutako hirugarren herrialde batzuetako migratzaileak.

Akordio horren arabera, migratzaileak legez kanpo sartu eta hurrengo hamar egunetan eskatu beharko dio Espainiak Marokori horiek berriro onartzea, eta eskabidean argi azaldu beharko dira migratzailearen nortasunaren eta dokumentazioaren datuak, Espainiako Estatuan legez kanpo nola sartu zen eta horri buruz duten informazio guztia.

Dena dela, Espainiako Gobernuak ostegun honetan, abuztuaren 23an, aurkeztu du eskaera osoa, hau da, hesia gainditu eta 24 ordura. Bezperan sartu ziren migratzaile horiek Espainian, hesia gaindituz, eta Guardia Zibileko zazpi agente eta bost migratzaile zauritu ziren.

"Azkar eta arin"

Ostegun goizerako identifikatuta zituzten 117 migratzaileak, Polizia Nazionalak Ceutan duen polizia-etxean egindako identifikazio-prozesuan parte hartu duten iturrien arabera, eta migratzaile horiek guztiak erregistratzeko operazio berezia "azkar eta arin" abiatu zutela nabarmendu dute.

Horien esanetan, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa bera jarri zen asteazkenean harremanetan Marokoko Poliziarekin, migratzaile horiek identifikatu eta Marokora itzultzeko espedienteak ireki eta bideratzeko lanak azkartzea eskatzeko. Espedienteak abokatu batek sinatu behar dituenez, hurrengo 48 orduetarako ofiziozko txandako zerrendetan izena emanda zeuden abokatu guztiei deitu zieten, polizia-etxera joatea eskatzeko: "Ikaragarria izan zen Poliziak nola bultzatu eta kudeatu zituen itzultzeko espediente guztiak, abokatuek zuzenean egin zezaten pertsona horiek erregistratzeko behar den dokumentazio guztia", nabarmendu dute.

"Aitaren batean egin zuten. Prozesua ez da inoiz horren azkar egin", adierazi dute, eta lanak goizaldera arte luzatu zirela eta 07:00etan berriro abitu dituztela zehaztu dute.

Ceutako hesia gainditu zuten 117 migratzaileak Marokora itzultzeko prozesua abiatu zuten, iturri horien esanetan. Ondoren, normalean, Etorkinen Aldi Baterako Zentrora eramaten dituzte migratzaileak, epaileek horien egoerari buruzko ebazpena hartu arte. Oraingoan, baina, Ceutako polizia-etxeetan egin dute lo migratzaileek, eta ostegun goizean itzuli dituzte Marokora.

"Itzultzeko prozedura administratiboa da, kasuz kasu egiten dira; polizia-bulegoetan identifikatu behar dira Espainiara modu irregularrean sartutako herritar guztiak, eta dituzten eskubideen berri eman behar diete, eta beharrezko laguntza juridikoa", Espainiako Gobernuak Ceutan duen Ordezkaritzaren arabera.

Gobernu Ordezkaritzatik esan dutenez, "Europa mailan dagoen immigrazio-politikaren baitan" ulertu behar da Marokok "berriz onartzea" legez kanpoko migratzaileak, eta "horren mugarrietako bat hirugarren herrialdeekin lankidetzan aritzea da, pertsonekin trafikatzen duten mafien aurka borrokatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Europa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak