Gizartea -

Migrazioa

Bizkaian egongo da bidean dauden migratzaileak artatzeko zentro berria

Gaur egun, gehienez ere bost egun eman ahal dituzte harrera zentroetan, baina hiru aste pasatu ahalko dituzte aurrerantzean, zentro berria egokitutakoan.

Migratzaileak Donostian / EITB.
Migratzaileak Donostian / EITB.
Bizkaian eraikiko dute bidean dauden migratzaileentzako zentro berria

1:53

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaian egongo da euskal erakundeek bidean dauden migratzaileentzat egokituko duten zentro berria. Gaur egun, gehienez ere bost egun eman ahal dituzte harrera zentroetan, baina hiru aste pasatu ahalko dituzte aurrerantzean, zentro berria egokitutakoan.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak baieztatu duenez, migratzaileek bi edo hiru aste eman ahalko dituzte zentro berrian, eta "litekeena da baliabide berri honen behin betiko kokapena Bilbo izatea".

Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruneko Udalek eta elkarteek hartu dute zentro berri bat martxan jartzeko erabakia.

Erkorekaren esanetan, zentro horrek "gaixorik edo haurdun daudelako edo laguntza berezia behar dutelako ahultasun egoeran dauden pertsonak artatzea" ahalbidetuko du.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera, "laster" aurkeztuko dituzte "behin betiko" erantzuna emango duen zentro honen "zehaztasun guztiak", migratzaileek "ahultasun egoera berezi hori gainditzeko behar duten denbora Euskadin igaro ahal izateko".

Bilboko alkatea ados agertu da

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bidean dauden migratzaileentzat egokituko duen zentro berria Bilbon egiten badu, erabaki horrekin ados egongo dela adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, bidean dauden migratzaileak hartzeko zentro berria Bizkaiko hiriburuan bertan edo Bilbo inguruan egitea aurreikusi du Jaurlaritzak.

Hala, Bilboko Udala gai horrekin zerikusia duten elkarteekin "elkarlanean" ari dela esan du Aburtok.

"Hiru egunez 88 pertsona hartzeko ahalmena duen zentro bat dugu Bilbon, eta kasu batzuetan bost egunera luza daiteke bidean dauden migratzaileen egonaldia", jakinarazi du Bilboko alkateak. Aburtoren ustez, zentro berrian 15 egun inguru egoteko aukera izango dute migratzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak