Gizartea -

Iruñea

Asiron: 'Gobernuak gaztetxea berriro ez husteko hartu duen erabakia positiboa da'

Maravillas gaztetxeko kideen ustez, "garaipen herrikoia" da erabakia, eta proiektu horren alde lanean aritu diren guztiei esker ona adierazi diete, "bereziki Alde Zaharreko bizilagunei".

Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Artxiboko argazkia: EFE
Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Artxiboko argazkia: EFE
Asiron: 'Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiak pozten nau'

1:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Asiron Iruñeko alkateak positibotzat jo du Nafarroako Gobernuak Maravillas gaztetxea jendez husteko agindua erretiratu izana, Poliziak berriro esku-hartzea saihesten delako eta soluzio bat bilatzeko aukera irekitzen delako.

"Gaztetxea bigarren aldiz indarrez jendez husteak kalte handia egingo lioke Iruñeko bizikidetzari, batez ere Alde Zaharreko bizikidetzari", azaldu du Asironek.

"Orain, oinarrian dagoen arazoari heltzeko aukera irekitzen da: gazteek gune autogestionatuak aldarrikatzen dituzte, horixe da benetako arazoa", gaineratu du.

Nafarroako Gobernuak atzera eginda sinesgarritasuna galdu ote duen galdetuta, Iruñeko alkateak ukatu egin du horrelakorik gertatu izana. "Argi geratu da Foru Gobernuak gauzak zuzentzeko gaitasuna duela. Elkarrizketarako aukera guztiak aztertu gabe hartu zuten lehendabiziko erabakia, eta orain atzera egin dute. Berri ona da hori, eta nik ez dut jarrera aldaketa hori kritikatuko", adierazi du.

Bestalde, Maravillas gaztetxeko kideak ere pozik agertu dira Nafarroako Gobernuak hartu duen erabakiarekin, eta "herritarrek egindako borrokaren eta herritarrek erakutsitako konpromisoaren ondorio" dela azpimarratu dute.

Agiri batean, Maravillas gaztetxeko kideek esan dute Foru Gobernuak "oraingoz errepresioaren bideari uko" egin diola gune autogestionatuen aldarrikapenari erantzun bat emateko.

Horrela, esker ona adierazi diete egitasmo horren alde "modu batera zein bestera" lanean aritu diren elkarte eta norbanakoei, "bereziki Alde Zaharreko bizilagunei".

Halaber, bide bakarra borroka dela nabarmendu dute. "Borroka eta konpromisoa ezinbestekoak dira inposizioaren, esplotazioaren eta gezurraren gainean eraikitako bidegabekeriari aurre egiteko".

"Ausardiaz eta irmotasunez, garaipen herrikoia lortu dugu: abandonatutako espazio bat Alde Zaharraren esku jartzea", gaineratu dute.

Gaztetxea abian jarri zutenetik, autogestioaren bidez martxan jarritako ekimenak ekarri dituzte gogora: "gimnasio herrikoia, elikagai bankua, liburutegia, taberna eta grabazio estudioa". Aurrerantzean ere, lanean eta ekimen berriak abian jartzen segituko dutela erantsi dute.

Amaitzeko, euren esker ona agertu diote gaztetxeari izena eman dion Maravillas Lambertoren ahizpari, Josefinari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Joseba Asiron Nafarroako Gobernua Gazteak albisteak