Gizartea -
ETORKINAK
25 migratzailek kalean pasa dute gaua Irunen
Irungo Martindozenea Gaztelekuan 60 plaza jarri dituzte asteburu honetarako, baina pertsona horiek sistematik kanpo geratu dira. Harrera taldeek protesta kontzentrazioa egin dute.
EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS
Irungo Martindozenea Gaztelekuan 60 ohe prestatu dituzte asteburu honetarako, azken egunotan iritsi diren 52 migratzaileen beharrei erantzuteko. Jatekoa, mediku arreta eta lo egiteko tokia eskaintzen zaie bertan.
Jarri dituzten 60 plaza berri hauekin Irunek bikoiztu egin ditu migratzaileentzako jarritako babeslekuak. Hala eta guztiz nahikoa ez, eta 25 lagunek gaua kalean pasa dute harrera taldeek salatu dutenez. Izan ere, hiru egunera arte egon daitezke etorkinak harrera lekuetan, eta ondoren, sistematik kanpo geratzen dira.
Harrera taldeko kideek protesta egin dute kontzentrazioa eginez 13:00etan Udaletxe aurrean, eta ondoren, Gurutze Gorriak emandako ogitartekoekin bazkaldu egin dute bertan.
Etorkinentzako puntu estrategikoa da Irun, Frantzia eta Europarako zeharbidea, eta geroz eta gehiago dira herrira hurbiltzen direnak.
Askorentzat Irun igarobidea baino ez da, baina badira atseden hartzeko denbora behar dutenak. Momentuz, hiru egunetarako babeslekua eskaintzen diete bertan, baina aurreko ostiralean Eusko Jaurlaritzako koordinazio mahaiak egonaldia beste bi egunez ere luzatu daitekeela erabaki zuen. Hala ere, neurri hori ez dago oraindik indarrean.
1.200 migrante iritsi dira Euskadira ekainetik, Gurutze Gorriak ohartarazi duenez. Ostegunean 200 pertsona iritsi ziren. 52 Irunera, 55 Gasteizera eta gainerakoak Bizkaira eraman zituzten.