Gizartea -

AURKIKUNTZA

Ur gazi eta likidoa aurkitu dute, lehen aldiz, Marten

Europako Espazio Agentziak Mars Express zundan jarritako radar bati esker, Italiako ikertzaile talde batek ur likidoz osatutako laku handi bat topatu du izotz geruza baten azpìan.

Marte. Artxiboko argazkia: ESA
Marte. Artxiboko argazkia: ESA
Ur gazi eta likidoa aurkitu dute, lehen aldiz, Marten

1:20

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako ikertzaileek gaur iragarri dutenez, lehen aldiz, Marten ur likidoa eta gainera gazia dagoela esateko frogak dituzte. Izan ere, Europako Espazio Agentziak Mars Express zundan jarritako radar bati esker, ur likidoz osatutako aintzira handi bat topatu dute izotz geruza baten azpian.

Aurkikuntza garrantzitsu horren atzean Italiako ikertzaile talde bat dago. Ikerketa horrek ondorioztatu duenez, Plamun Australe izeneko eskualdean, Marteren hego poloan, radarrak marrazten duen profila Lurrean, Antartikan eta Groenlandian, aurkitu diren ur likidozko aintzira handien antzerakoa da.

Science aldizkariak gaur argitaratutako ikerkuntza gaur bertan aurkeztu dute Europako Espazio Agentziaren egoitzan, eta Roberto Battiston presidenteak azken urteetako garrantzitsuenetzat jo du.

Ondorio horietara heltzeko, Italiako ikertzaile taldeak 29 lagin-multzo eskuratu zituen radarretik eta horiek mapa batean jarri zituen. Ikertzaileen esanetan, mapa horietan aldaketa nabarmenak antzeman zitezkeen 20 kilometroko hedadura duen izotz geruzaren azpian, 1,5 kilometroko sakoneran.

Roberto Orosei ikertzaile eta Mars Expres zundan jarritako MARSIS radarraren arduradun zientifikoaren hitzetan, "ingurune horren azpian hauteman ziren oihartzunak lurrazalekoak baino indartsuagoak ziren, eta zirkunstantzia hori glaziar baten azpian ura dagoenean bakarrik gertatzen da, Antartikan esaterako".

Oroseik azaldu duenez, urteak behar izan dituzte ondorio horretara heltzeko eta, aurrez, banan-banan bestelako azalpen posibleak baztertu dituzte, ura zela ondorioztatu arte.

Bestalde, aurkitutako ur likido hori gazia dela ziurtatu dute, horrek ahalbidetuko bailuke, -izotz geruzaren presioarekin batera- lur azpiko aintzira likido egoeran mantentzea zero azpitik 30 eta 70 gradu arteko tenperatutan egonda ere. Zientzialariek ez dute baztertzen "gordailu biologiko" bat ere izatea, frogatuta baitago bakterio batzuk gai direla tenperatura baxuetan eta ingurune gazietan bizi ahal izateko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zientzia Zientziaren hedapena zuzenean Marte Ura Planetak