Gizartea -
Tragedia Mediterraneoan
Open Arms erakundeak Libia salatu du homizidio arduragabea leporatuta
Josefa Palmako portuan utzi ondoren, salaketa sinatu dute Open Arms erreskate ontziko tripulatzaile guztiek, baita Marc Gasol NBAko jokalariak ere.
Agentziak | Erredakzioa
Proactiva Open Arms erakundeak merkantzia-ontzi baten kapitaina eta Libiako kostazainak salatu ditu Palmako guardiako epaitegiaren aurrean, sorospen-eginbeharra ez betetzea eta homizidio arduragabea egotzita. Era berean, naufragio larriaren erantzukizuna Italiari leporatu dio.
Josefa Palmako portuan utzi ondoren, salaketa sinatu dute Open Arms erreskate ontziko tripulatzaile guztiek, baita Marc Gasol NBAko jokalariak ere. Josefa onik atera zen iragan asteartean, 150 bat pertsona zeramatzan 9 metroko ontzi bat Mediterraneoan hondoratu ostean. Triades Panamako bandera duen merkantzia-ontziak laguntza heldu baino lehen ospa egin omen zuen.
Ontzia hondoratu zen tokian hiru pertsona utzi zituzten Libiako kostazainek, nahiz eta migratzaileak laguntzera joan, erakundeak salatu duenez. Emakume eta umetxo baten gorpuak eta bizirik atera zen emakume kamerundarra topatu zituen gobernuz kanpoko erakundeak. Fiskaltzari Josefa babestea eskatu dio Open Armsek, gertatutakoaren lekukoa baita, Oscar Camps gobernuz kanpoko erakundearen zuzendariak prentsaurrekoan azaldu duenez.
Palmako epaitegiak prozedura judiziala abiatzea espero du Campsek. Era berean, auzia Auzitegi Nazionalaren esku bukatzea nahi du erakundeak, “erabateko utzikeria” baten erantzukizunak zehazteko. Erantzukizuna merkantzia-ontziko kapitainari eta “Libiako kostazainak ustez diren talde armatuei” zuzenean egotzi die Campsek, “erreskate operazioetan pertsonak bizirik laga dituztelako”.
Gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratu duenez, Italiak eta Europar Batasunak Libiaren, “Estaturik gabeko herrialde baten”, esku utzi dituzte erreskate lanak. Horretarako baliabide eskasak dituzte, eta gainera, kostazainak trafikatzaileekin ados jarrita direnaren susmoak zabaldu dira, erantsi duenez.
Bestalde, onik atera zen emakumea eta gorpuak porturatzeko eragozpenak kritikatu ditu Campsek; izan ere, Italiak eta Maltak ez diote erreskate ontziari lehorreratzeko baimenik eman. Italiako komunikabideak eta agintariak Open Armsen aurka bultzatzen ari diren “ospe-galtze kanpaina” errefusatu du erakundeko zuzendariak.
Campsen hitzetan, “talde kriminala, trafikatzaileak garela diote”, Mediterraneoan migratzaileen abandonua salatzeagatik. Horrela, gertatzen ari denaren aurrean salaketak bukatzea nahi dute, gaineratu duenez. “Lekuko bakarrak gara”, ziurtatu du Campsek. Gobernuz kanpoko beste erakunderik zonaldean lanean ari ez dela nabarmendu du.