Gizartea -
Errefuxiatuen drama
Errefuxiatuekiko Euskadik duen 'elkartasuna' azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak
Talde sozialek erakundeen babesa jasotzearen "garrantzia" ere nabarmendu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Errefuxiatuen arazoarekiko" Euskadik erakutsi duen "elkartasuna" nabarmendu du larunbat honetan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikorako eta Autogobernurako sailburuak. Horrekin lotuta, talde sozialek erakundeen babesa jasotzearen "garrantzia" ere aipatu du.
CEAR-Euskadik antolatutako 'Bilbo Aterpea' lasterketa solidarioan parte hartu du Erkorekak, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin batera. Guggenheim Museotik abiatu da lasterketa, eta ehunka lagunek parte hartu dute, tartean, Iñigo Pompo eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko zinegotziek.
Erkorekak adierazi duenez, bera lasterketa horretan egotea "errefuxiatuekiko Eusko Jaurlaritzaren babesa eta elkartasunaren adierazle da, asilo-eskubideari atxikitzen direnak bereziki". Jaurlaritzako bozeramaileak deitoratu duenez, "gerra, indarkeria, jazarpena eta errepresio arrazoiengatik euren etxetik ihes egin behar izan duten pertsonak dira".
"Erakundeak hemen egotea funtsezkoa da, elkartasun sentimendua partekatzeko eta islatzeko, gizartea ez baita mobilizatu behar den bakarra", esan du, "Euskadi eskuzabala da, eta errefuxiatuen arazoarekiko sentibera".
Bestalde, Javier Calparsoro CEAR Euskadiko presidentearen hitzetan, munduan 68 errefuxiatu baino gehiago daude, eta horiei "aurpegia jarri behar diegu, emigratzera bere burua behartuta ikusi duten horiek istorio errepikaezinak dituztelako".