Gizartea -

MIGRAZIOA

1.290 migratzaile erreskatatu dituzte asteburuan Espainiako kostatik gertu

Itsas Salbamenduaren azken balantzearen arabera, lau pertsona hil dira eta 43 pertsonaren eta bi pateraren bila ari dira.

1.290 migratzaile erreskatatu dituzte asteburuan. Argazkia: EFE
1.290 migratzaile erreskatatu dituzte asteburuan. Argazkia: EFE
1.290 migratzaile erreskatatu dituzte asteburuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsas Salbamenduak 70 pateratan zihoazen 1.290 migratzaile erreskatatu ditu Gibraltarko itsasartean, Alborango itsasoan eta Kanaria Handiko kostatik gertu ostiraletik igandera bitartean. Azken balantzearen arabera, lau pertsona hil dira asteburuan Afrikatik Europara iritsi nahian. Halaber, 43 pertsonaren eta bi pateraren bila ari dira.

Erreskatatutako 1.290 pertsonetatik 1.138 Gibraltarko itsasartean eta Alborango itsasoan aurkitu dituzte, eta gainerako 152ak, Kanaria Handitik 200 itsas miliatara. Pertsona horiek guztiak gaur goizean eraman dituzte portura.

Itsas Salbamenduko kideek lau hilotz erreskatatu zituzten ostiralean Gibraltarko itsasartean. Dena den, hildako kopuruak gora egin dezake datozen orduetan, izan ere, Alborango itsasoan galdu diren 43 pertsonaren bila ari dira. Ustez, pertsona horiek doazen ontzitik lau pertsona bakarrik erreskatatu dituzte, guztiak ere hipotermia zantzu handiekin.

Larunbat arratsalderako Andaluziako kostatik gertu erreskatatutako pertsonen kopurua 'Aquarius' ontzian zihoazen migratzaileena baino handiagoa zen. Zehatz-mehatz esanda, itsasoan 986 pertsona erreskatatu zituzten —lau hilotzak barne—. Horrez gain, larunbat gauetik igandera bitartean beste 117 pertsona erreskatatu zituzten, tartean 19 emakume eta haurtxo bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Albisteak migrazioa Espainia bideoak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak Mediterraneo itsasoa gaur