Gizartea -

Italiatik Espainiako Estatura

Valentzian igandetik aurrera espero dute 'Aquarius' ontzia

630 pertsona daramatzaten hiru ontziak modu mailakatuan iritsiko dira portura.

'Proactiva Open Arms' erreskate humanitarioko ontziak harreran hartuko du parte. EFE
'Proactiva Open Arms' erreskate humanitarioko ontziak harreran hartuko du parte. EFE
'Proactiva Open Arms' erreskate humanitarioko ontziak harreran hartuko du parte. EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako uretatik barrena, Espainiako Estatura bidean jarraitzen du 630 pertsona barruan daramatzan Aquarius ontziak. Hiru itsasontzik osatzen dute flota (Aquarius bera eta beste bi ontzi militar), eta dena ondo bidean, igandean helduko dira Valentziara. Portura iritsiera modu mailakatuan egingo dute, Joan Ribo Valentziako alkateak argitu duenez.

"Igandean hasiko dira sartzen. Itsasontzi bat ez da hegazkina, ezta AVEa ere, hortaz, eguraldiaren arabera mailakatu egingo dute sarrera", azaldu du Ribok RNE irrati katean egin dioten elkarrizketa batean.

Valentziako alkatearen hitzetan, ontziak banan-banan sartzeak mesede egingo dio harrera operazioari, "hobeto artatuko ditugu bidaiariak", erantsi du.

Bestalde, Aquarius ontzian dagoen Alessandro Porro SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundeko kideak azaldu duenez, Korsika eta Sardinia uharteak banatzen dituen Bonifacio itsasartea igaro du itsasontziak, eta laster Asinara uhartearen aurretik pasatuko da. Italiatik urrunduz doaz, beraz.

Harrera, adituen esku

Valentziako alkateak nabarmendu du hiria lasai dagoela, eta prestaketa guztiak "adituen esku" daudela. Beste xehetasunik ez du eman Compromiseko buruzagiak.

Argitu duenez, 630 lagunak taldetan banatuko dituzte: haurdunak, zauritutakoak, umedun familiak, bakarrik datozen gazteak, eta azkenik, adineko pertsonak.

Eta ondoren, zer?

Etorkinei harrera egiteko prestaketak antolatzen ari diren iturriek Europa Press agentziari azaldu diotenez, 630 pertsonei 90 eguneko egonaldi baimena emango diete, baina baliteke, behin identifikatuta, horietako batzuk —aurrekariak badituzte edota lurralde batean sartzeko debekua badute— atzerritarren atxikitze-zentro (CIE, gaztelerazko sigletan) batera eramatea.

Dena dela, iturrion arabera, Aquarius ontzian egoteagatik izaera berezia dute atzerritarrok, euren jatorria edota ibilbide pertsonala gorabehera. Guztira, 26 nazionalitateko pertsonak daude itsasontzian.

AQUARIUS ONTZIA ETORKINAK ITALIA

'Aquarius'en doazen pertsonetako batzuk. Argazkia: SOS Mediterranee (EFEren bitartez jasoa)

Bi gai horiei buruz galdetu diote Ribori. Alkatearen ustez, Estatuak badu eskuduntza, eta "logikoena" 630 pertsona horiei errefuxiatu estatutua ematea da.

Atzerritarren atxikitze-zentrora eramateko aukera erabat baztertu du Valentziako alkateak: "Ez dira pertsona migratzaileen eskubideekin bateragarriak".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Italia Valentziako Erkidegoa gaur Mediterraneo itsasoa gaur