Gizartea -

Aurkezpena

Kilometroak jaiaren eredua aldatu egingo da 2020an

Ordutik aurrera, urte osoko ekimena izango da. Aurten, urriko Kilometroak egunaz gain, beste hainbat jaialdi txiki izango dira. Ikastola batek baino gehiagok hartuko du parte antolaketan.

Kilometroak jai eredu berriaren aurkezpena. Urretxu-Zumarraga ikastola
Kilometroak jai eredu berriaren aurkezpena. Urretxu-Zumarraga ikastola
Kilometroak jai eredu berriaren aurkezpena. Urretxu-Zumarraga ikastola

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kilometroak jaiaren eredua aldatu egingo da 2020. urtetik aurrera. Gipuzkoako Ikastolen asmoa urte osoko ekimena izatea da, eta ikastola batek baino gehiagok parte hartzeko aukera edukitzeaz gain.

1977an antolatu zuten lehen Kilometroak festa, Beasainen eta Lazkaon. Ordutik hona jaia aldatzen joan bada ere, Gipuzkoako Ikastolek aldaketa sakonagoak egiteko beharra ikusi dutela nabarmendu dute, gaurko garaira erabat egokitu ahal izateko. Helburu horrekin, Kilometroak Bidea deituriko hausnarketa prozesua abiatu zen 2015eko irailean, jaiaren historia aztertu eta analisi sakona egiteko.

Jaiaren ezaugarriak

2020. urtetik aurrera Kilometroak izan behar dituen ezaugarriak aurkeztu dituzte Gipuzkoako Ikastolek gaur goizean: ikastolen mugimenduaren zeregina bete, Ikastolen Elkartea sendotu, ikastola bakoitzaren komunitatea sendotu, parte-hartzea areagotu, naziotasuna indartu, xede ekonomiko-errentagarria kokatu, azken jaia urte osoko emaitza bihurtu, berritzaile eta garaikidea izan, jaiaren dimentsioa kokatu eta ikasleak ahaldundu.

Horrez gain, urtean beste hainbat jaialdi txiki egitea da asmoa, eta horiek egiteko ardura beste ikastola batzuek hartuko dute. Jaialdi guztiak egongo dira Kilometroak ekimenaren barruan.

Parte-hartzea

Ikasleak ahalduntzeko eta haien parte hartzea bultzatzeko bidean ere aurrerapausoak eman dira azken urte hauetan Erronka ekimenarekin. Urte osoan hainbat gaitan lehiatzen dira ikastoletako ikasle taldeak, harremanak sendotzen laguntzeko. Kilometroak jaian modu aktiboan parte hartzera bultzatzea da xedea.

Naziotasuna

Bestalde, naziotasuna indartzeari ere garrantzia eman nahi zaio. Izan ere, Kilometroak Gipuzkoako Ikastolen jaia izan arren, ikastolek osatzen duten komunitatea Euskal Herri osoan hedatuta dago. Nazio sentipena jaietan ere landu nahi dute. Horregatik, aurrerantzean, beste lurraldeetako ikastolei eta haiek antolatzen dituzten jaiei ere laguntza eskainiko zaie harremanak sendotzeko eta elkarlanean hainbat egitasmo burutu ahal izateko.

Aldaketa 2020rako aurreikusten bada ere, hausnarketa prozesuan antolatu diren Kilometroak jaiek egin dizkiote hainbat keinu eredu berria izango denari. Bide horri eutsiko diote 2018an Urretxu-Zumarragan eta 2019an Zarautzen ospatuko direnek ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Kilometroak Gipuzkoa Gizartea Zumarraga argazkiak Albisteak Urretxu azken ordukoa Goierriko albisteak